(argazkia: Marie de Jongh)

Marie de Jongh konpainiak ‘Bo jauna’ antzerki ikuskizuna estreinatuko du ostiralean, Leioan

Jokin Oregi antzerkigileak gidatutako obra 3 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Emanaldia arratsaldeko 18:00etan izango da Leioako kultur aretoan.

Maria de Jongh konpainiak taularatutako Amour edo eta Izar ikuskizunen ildo beretik dator Bo jauna, maskara eta komedia uztartzen dituen obra. Familia osoari zuzendutako ikuskizuna dela dio lantaldeak, hitzik gabe kontatutakoa. Baina Amour edo eta Izar ikuskizunetan ez bezala, honako honetan ñabardura garrantzitsu bat dagoela adierazi du konpainiak: “aurrekoekin alderatuta ikuskizun hau haur txikiagoentzat egokia izango da, 3 eta 9 urte bitarteko harrentzat, horretarako Clowna eta Naifa uztartuko ditugu”.

Bo Jauna! esaten ohituta daude hiru zerbitzariak, makina bat aldiz errepikatzen dute egunean zehar. Bizi osoa daramate Nagusiaren agindupean, hura ume koskor zenetik. Batzuetan irudikatzen dute zer zitekeen mundua nagusiak eurak balira, zer den agintea norberaren esku izatea, eta ez beste inoren menpeko egotea. Jolas ere egiten dute nagusiaren rola hartuta, besteek haren zerbitzari plantak egiten dituzten bitartean. Nagusia ume zela, zerbitzariek izan zuten Ez! esateko aukera, baina ez zuten egin, eta nagusia nagusikerian aritu da urte luzetan. Haien arteko harremana zerbitzupekoa da oso, menpekotasunekoa, baina, halako batean, Ez! esateko aukera berri bat sortu da…

Jokin Oregik zuzendutako obra abenduaren 29an, ostirala, estreinatuko dute arratsaldeko 18:00etan, Leioako kultur aretoan.

Zabaldu: