(argazkia: Getxo Kultura)

Mario Benso izango da Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren arduradun artistiko berria

Jazzaren munduan 45 urte inguruko ibilbidea du egina. Bensok Getxoko jaialdiarekin lotura estua du aspalditik.

Mario Benso jazz dibulgatzaile eta aditua Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren arduradun artistikoa izango da datorren urteko ediziotik aurrera. Asturiarrak ibilbide luzea egin du jazzaren eta kulturaren arloetan, askotariko alderdietan, kazetaritzan zein koordinazio artistikoan, eta oso harreman estua du Getxo Jazzarekin, 1994tik aurrera jaialdiko talde lehiaketako epaimahaikide gisa aritu baita. Proiektu berri honetan, jaialdiaren atal artistikoaz arduratuko da, 37 ediziotan jaialdiaren arduradun izan den Iñaki Saituaren erretiroarekin bat eginez. Saituaren ardura Luzia Martinek hartuko du, Getxo Kulturako teknikaria da eta 17 urte daramatza erakundean lanean.

Getxo Kulturak arduradun artistikoa aukeratzerako orduan, Bensok jazzaren munduan egindako ibilbide luze eta arrakastatsua baloratu du, baita hainbat kultura-proiektutan izandako inplikazioa ere, Getxo Jazzari buruzko ezagutza handiekin batera. “Bere lantaldea eta lan-prozedurak ezagunak dira berarentzat, eta bere lana erraztuko dute, baita Getxo Kulturarena ere, urtez urte goi-mailako jaialdi bat antolatzen jarraitzeko”.

Benso 1981ean abiatu zen jazzaren munduan. Urte horretan, Valladolideko Jazz Lagunen Elkarteko kide egin zen. Elkarte horretan, Gaztelako hiriko Nazioarteko Jazzaldia antolatzen laguntzen du, bai eta jazz musika zabaltzen ere, irrati-emanaldien, hitzaldien eta argitalpenen bidez. Hamarkadaren amaieran, musika-espezialista gisa hasi zen idazten El Norte de Castilla egunkarian, eta, hala, ezinbesteko erreferentzia duten hedabide espezializatuetatik (Cuadernos de Jazz eta Más Jazz, esaterako) informazio orokorreko goiburuetara (El Mundo, adibidez) hainbat irratitan egindako kolaborazioak ahaztu gabe, edo, eremu digitalean, adibidez, El Callejón del Jazz bloga eta Dial Jazz podcast-a.

Programazioaren arloan ere lan nabarmena egin du asturiarrak. 90eko hamarkadaren hasieratik 2009ra, Valladolideko Café España-ko programatzailea izan zen, eta mila kontzertu baino gehiago antolatzen parte hartu zuen. Valladolideko Nazioarteko Jazzaldiarekin ere kolaboratu du, baita Burgos, Palentzia, Ezcaray, Salamancako FACYL, Palentziako Ahora eta 90eko hamarkadaren erdialdetik Getxoko Jazzaldiarekin ere. Azken horretan Taldeen Lehiaketako epaimahaikide gisa aritu da ordutik hona eta edizio guztietan parte hartu izan du.

Bensoren ibilbide luzean, Valladolideko Zorrilla Antzokiko Kafearekin ere lan egin du kultura-programazio lanetan, bai eta Gasteizko Ondas de Jazz kontzertu-zikloaren aurkezpenean ere. Gainera, Cifujazz elkartearen sortzaileetako bat da, Juan Claudio Cifuentes Estatu espaniarreko jazz-dibulgazioko funtsezko pertsona zenaren ondarea mantentzen du, eta 2021az geroztik, SEMINCI Sound musika-atalaren koordinazioaz arduratzen da, Valladolideko Nazioarteko Zinema Astearen barruan. Aipatutako guztiaz gain, estatu mailako agentzia garrantzitsuenetako batentzat road manager lanak egin ditu, eta nazioarteko biretan Johnny Griffin, Kenny Barron, Abbey Lincoln, Phil Woods, Diane Reeves edo Jesse Davis artistei lagundu die, besteak beste.

Zabaldu:

Utzi erantzuna