(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Mariolein Sabartek irabazi du Etxepareren Itzulpen Saria, ‘Amek ez dute’ nederlanderara itzultzeagatik

Katixa Agirreren eleberriaren nederlanderazko itzulpena izan da aurtengo garailea; Zirimiri Press argitaletxeak plazaratu du lana.

Euskal literatura garaikideko ikur bilakatzen ari den Katixa Agirreren Amek ez dute eleberria izendatu du garaile Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpengintza sariaren zortzigarren edizioko epaimahaiak. Mariolein Sabarte Belacortuk gaztelaniatik (Las madres no) nederlanderara itzulia, Zirimiri Press argitaletxeak plazaratu du lana.

Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lana saritzeko asmoz sortutako lehiaketa honetan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Hain justu, Mariolein Sabartek eta Zirimiri Pressek alor horietan egindako promozio lana nabarmendu du epaimahaiak.

“Itzulpena kalitate handikoa izateaz gain, itzultzailearen ibilbide sendoa aitortu nahi da sari honekin, bizitza osoan egindako lana, hain zuzen”, azpimarratu du epaimahaiak.

Bestalde, Zirimiri Press argitaletxearen ibilbidea ere saritu nahi izan dute, “euskal lanak zehazki, eta hizkuntza gutxituetakoak orokorrean, itzultzeko egindako apustu garbiagatik”. Kontutan hartu dute, baita ere, eleberria promozionatzeko egindako “lan sendoa”. Izan ere, Herbeeretako komunikabideetan oihartzun handia izan du argitalpenak. “Argitaletxeak lan handia egin du hori hala izan dadin”, eta hori ere aitortu nahi izan dute sariaren bidez.

Zortzigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; Naroa Zubillaga EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta Mikel Lasa Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak.

Zabaldu: