Markos Gimenoren ‘Karteletrak’ erakusketa irekiko dute urriaren 3an, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean

Artista ugarik ilustratutako berrogeita hamar palindromo baino gehiago biltzen ditu erakusketak.

Gasteizko Lazarraga Kultur Elkarteak Markos Gimenoren Karteletrak izeneko erakusketa zabalduko du urriaren 3tik 26ra bitartean, Izaskun Arrue Kulturgunean. Erakusketak euskaraz idatzitako berrogeita hamar palindromo baino gehiago biltzen ditu, batzuk egileak berak sortuak eta beste batzuk hogeita hamar artistak baino gehiagok ilustratuak, horien artean Fernando eta Vicente Roscubas anaiak; Aristides Hernandez Ares artista kubatarra; Jose Enrike Urrutia Kapeau; Unai Iturriaga; Jose Antonio Azpilicueta ilustratzaileak; eta Gotzon Garaizabalen eta Luis Zabalamendiaren erliebeko lanak. Gimenoren palindromoak oinarri duten Esther Astarloaren zeramikak ere erakutsiko dira.

Karteletrak Joseba Sarrionandiak eta Esteban Montoriok komisariatutako erakusketa da eta Markos Gimenok idatzitako palindromoetatik sortutako 53 kartel biltzen ditu. Antolatzaileen esanetan, “lagun askok eta Euskal Herriko artista ugarik parte hartzen dute erakusketa honetan Gimenorekiko adiskidetasun eta jenialtasunari egindako omenaldi hunkigarrian bere palindromoak ilustratuz”.

Erakusketarekin batera Markos Gimenoren 101 Letrakartel liburuak Sarrionandiak glosatutako ehundik gora irudi aurkezten ditu. Bilduma honek Markos Gimenoren eta benetako eta fikziozko hainbat egileren idazkiak biltzen ditu, Esteban Montoriok egindako diseinuarekin. “Gimenoren mundu palindromikoa barru-barrutik aztertzeko aukera paregabea da”, nabarmendu du Lazarragak.

Jarduera osagarriak

Urrian zehar, gainera, erakusketarekin lotutako jarduera osagarriak antolatuko dira, hala nola inaugurazioa Joseba Sarrionandiaren bisita gidatuarekin; Anari eta Ihana Iriondoren kontzertuak eta Mursegoren Sukramarkus proiektua; palindromoak sortzeko tailerrak heldu zein familientzat (Bigararen eskutik), eta bisitak Iñaki Lazkano eta Roberto Sanchezen eskutik.

Karteletrak erakusketa, palindromoen, irudiaren eta musikaren bidez, euskarazko sormenera hurbiltzeko eta euskararen aberastasunaz gozatzeko gonbidapena da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna