Denetara 40 gidoi jaso dituzte edizio honetan. Hauetatik hamasei euskaraz izan dira. Antolatzaileen arabera, aukeraketa zaila izan da aurkeztutako gidoien kalitate onagatik.
Markos Goikolea Iruñeko antzerkigile eta gidoilariak Destiny Driver euskarazko lanagatik irabazi du XXII. Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko sarietako bat, Idoia Garzes izan da Euskarazko Soinu Fikzioko Gidoi Labur Onenari saria irabazi duen idazlea Goiuri, arazo bat dugu! antzezlanarekin eta Kepa Ibarrak La isla oxidada antzezlanarekin irabazi du saria gaztelaniazko modalitatean.
Goikolearen Destiny Driver lanak XXII. mendera garamatza, bi pertsonen arteko zita batera. Gizartean gero eta zabalduago dagoen Destiny Driver izeneko software batek erabiltzaileari erabakiak hartzea errazten dio, hartzen den erabakiaren arabera bi etorkizun posible ikusteko aukera emanez. Gizakiek etorkizuna irudikatzeko gaitasuna algoritmo baten esku utzi dute; trukean, ziurgabetasuna desagertu egin da. Orain, ezagutu berri den bikote honek beraien etorkizun propioa imajinatu ala software honen mende uztea erabaki beharko du.
Destiny Driver gidoiak etorkizunaren kolonizazioari buruz hausnartzen du. Antolatzaileen esanetan, “gaur egungo botere-egiturek gure etorkizun posibleak proiektatu eta modelatzen dituzte; gure etorkizunez jabetuz, hauek existitu baino lehenago ere. Profezia autobete baten moduan, alternatibarik ez dagoela diote, eta horren trukean ziurtasun apur bat eskaintzen digute. Gizakiok lehen imajinatu duguna soilik sortzeko gai bagara, zer gertatuko da gure etorkizuna irudikatzeko gaitasuna elite teknologiko baten esku erabat uzten badugu?”.
Goiuri, arazo bat dugu! antzezlanari dagokionez, Garzesek adierazi duenez, “eta urruneko galaxia batetik euskaraz hitz egiten dizun mezua jasoko bazenu? 2057. urtean gaude. Tira, Aro Berriko 27. urtean. EAE, Euskal Agentzia Espaziala, bada nor nazioarteko kontzertuan. Euskal Herria lasterketa espazialaren dema jokatzen duten nazioen klubeko kide hautatua da. Jalgi Hadi zunda, Mari suziria, Tartalo teleskopio espaziala, Pintto izarretako lehen txakur euskalduna, Ilargiko Mateo Txistu basea, Esne Bidetik ateratako espedizioak… Eta orain Pitxu XIV ontzia, espazioaren luze zabalean alderrai, misio berezian, Euskal Herriaren loria ipar bakar. Eta haren barruan bi argizaginauta ausart eta ontziko ordenagailua… Espazio urrunetik, ezezagun duten galaxia batetik mezua jasoko dute… euskaraz. Broma hutsa, txantxa zoroa? Ganberrada txikia, seguru!”
Azkenik, Ibarraren La isla oxidada obran ,planetako edozein ozeanotan galdutako uharte batean dauden bi herritar ageri dira, naufragio emozionalerako inolako tarterik gabe. Isiltasuna hitzarekin, gosea handitasunarekin eta industria-irabazi faltsuen mugak konbinatzen dituzte.
Fedrok eta Tuliok galtzaileen diasporarekin bat egiten dute; oraindik ere gizakien kontakizunetik salbatu nahi duten horiek, bizitzaren bidean bueltaka eta bueltaka jarraitzen duen istorioa, azkenean ezerera iristeko. Azken soka bati helduta, iruzurrezko zeru batetik iritsi zaien azken esperantza.
Ipuin fantastikoa, bi pertsonaia kontraesankorren bidez, aberastasunean eta pobreziaren artean, azken sostengu bat bilatzen dutenak. Ozeano batek (edo ez) inguratutako uharte baten erdian, edozein eskualde jendetsutik mila milioi kilometrora. Gertu edo urrun, hemen bertan.
Denetara 40 gidoi jaso dituzte Cafe Bar Bilbao Sariaren 22. edizio honetan. Hauetatik hamasei euskaraz izan dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, “benetan zaila izan da irabazleen aukeraketa, aurkeztu diren gidoien kalitate altua dela eta”.