Gorka Urbizu, Mabe Fratti, This is the kit, Ibil bedi, Los Sara Fontan, Ezezez, Penelope Trappes, Kaskezur eta Lumi talde eta bakarlariak igoko dira oholtzara. Kontzertuez gain, hitzaldiak, dantza eta hainbat ekimen izango dira.
Sarako Lezeek eta Usopopek Marrumaka izeneko jaialdi berezia antolatu dute urriaren 4an eta 5ean. Biharko kondairak kanta ditzagun lelopean, “atzoko, gaurko eta biharko mitologiak ospatuko dituen ekitaldia” izango dela nabarmendu dute.
Hala, bi egunez eta bi arratsez, antolatzaileek lezeetan iraganen den asteburua besta herrikoi moduan pentsatu dute. Musikak, dantzak, mintzaldiek eta hainbat hitzorduk osatuko dute egitaraua. Azaldu dutenez, “egunean zehar, lezeetako eremu osoan, dantza, tailerrak eta animazioak izango dira. Arratsean, berriz, musika eta besta izango dira lezearen arkupean Usopopen eskutik. Gorka Urbizu, Mabe Fratti, This is the kit, Ibil bedi, Los Sara Fontan, Ezezez, Penelope Trappes eta Kaskezur talde eta bakarlariak igoko dira oholtzara.
Sarrerak salgai daude jada, hemen. Bi egunetarako bonuak ere eskuratu daitezke baina kopuru mugatuarekin: 100 bonu.
Usopopen programazioan, Lumi taldea ere izango da, baina zuzenekoa ez da gauean izango, beraz ez da bonu honetan sartzen. Emanaldi berezi bat izango dela iragarri dute antolatzaileek, lezearen barnean. Laster jarriko dituzte azken emanaldi honetarako sarrerak salgai.
“Munduak uztartzen diren lekuan, elgarrekin biharko kondairak kanta ditzagun eta Behigorri Marrumaka has dadila!”, adierazi dute antolatzaileek.