Legutioko kiroldegian 200 lagun elkartu dira. Txapeldunek elkarri jantzi diote okasiorako bordaturiko txapela.
Legutioko kiroldegian jokatu da, larunbat arratsaldean, Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako finala. Eszenatokian bertsolari bikote hauek aritu dira kantuan: Iñaki Viñaspre (Abetxuko) eta Unai Anda (Ametzaga), Martin Abarrategi (Aramaio) eta Manex Agirre (Aramaio), Manuel Balda (Sevilla-Gasteiz) eta Oihane Perea (Zalduondo).
Nieves Del Alamo izan da aurkezlea eta Eli Plazaola gai jartzaile lanetan aritu da. Hiru bertsolari bikoteek ariketa puntuagarriak bukatuta, Manex Agirre eta Martin Abarrategi nagusitu dira eta, beraz, 2021eko Arabako Binakako txapeldunak dira.
Finaleko epaimahaia bost epaileekin osatuta egon da: Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru, Fernando Sopelana eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan, berriz, Endika Jimenez aritu da.
Horrela puntuatu dituzte hiru bertsolari bikoteak:
Manex Agirre eta Martin: 828 puntu
Iñaki Viñaspre eta Unai Anda: 820 puntu
Oihane Perea eta Manu Bendala: 816 puntu
Garaiak garai, txapeldunek elkarri jantzi diote txapela eta elkarren artean egindako lan eta sorturiko emozioak helarazi dizkiete publikoan ikusmiran zituztenei.
Txapeldunen bukaerako agurrak:
Manex Agirre:
Abarrategi Sarrionandia
a ze bertsolari saga
ta a ze poza txapel bat doa
behingoz Uxarko salara
nirea berriz bidali nahi dut
gure bertso eskolara
pandemiaren erantzun gisa
ere balio du hara
hemen ezin da funtzionatu
taldean ez baldin bada
Martin Abarrategi:
Nahi ta tabernan egongo ziren
hemen baino askoz hobeto
eta pare bat aharrausi egin
gure bertso bakoitzeko
egia esan bai harro nago
kuadrillakoek 15 pabo
zer eta ni entzuteko
aupa Manex bi izan gara
gurdipea bultzatzeko
eta txapel bat dugu buruan
egiten duguna tarteko
banatu nahian gure txapela
beharko ditut konpas ta erregela
bateko eta besteko
asko baitut eskertzeko