(argazkia: Bertsozale)

Martin Abarrategi eta Manex Agirre bertsolariek irabazi dute Legutioko Binakako Txapelketako finala

Legutioko kiroldegian 200 lagun elkartu dira. Txapeldunek elkarri jantzi diote okasiorako bordaturiko txapela.

Legutioko kiroldegian jokatu da, larunbat arratsaldean, Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako finala. Eszenatokian bertsolari bikote hauek aritu dira kantuan: Iñaki Viñaspre (Abetxuko) eta Unai Anda (Ametzaga), Martin Abarrategi (Aramaio) eta Manex Agirre (Aramaio), Manuel Balda (Sevilla-Gasteiz) eta Oihane Perea (Zalduondo).

Nieves Del Alamo izan da aurkezlea eta Eli Plazaola gai jartzaile lanetan aritu da. Hiru bertsolari bikoteek ariketa puntuagarriak bukatuta, Manex Agirre eta Martin Abarrategi nagusitu dira eta, beraz, 2021eko Arabako Binakako txapeldunak dira.

Finaleko epaimahaia bost epaileekin osatuta egon da:  Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru, Fernando Sopelana eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan, berriz, Endika Jimenez aritu da.

Horrela puntuatu dituzte hiru bertsolari bikoteak:

Manex Agirre eta Martin: 828 puntu

Iñaki Viñaspre eta Unai Anda: 820 puntu

Oihane Perea eta Manu Bendala: 816 puntu

Garaiak garai, txapeldunek elkarri jantzi diote txapela eta elkarren artean egindako lan eta sorturiko emozioak helarazi dizkiete publikoan ikusmiran zituztenei.

Txapeldunen bukaerako agurrak:

Manex Agirre:

Abarrategi Sarrionandia

a ze bertsolari saga

ta a ze poza txapel bat doa

behingoz Uxarko salara

nirea berriz bidali nahi dut

gure bertso eskolara

pandemiaren erantzun gisa

ere balio du hara

hemen ezin da funtzionatu

taldean ez baldin bada

 

Martin Abarrategi:

Nahi ta tabernan egongo ziren

hemen baino askoz hobeto

eta pare bat aharrausi egin

gure bertso bakoitzeko

egia esan bai harro nago

kuadrillakoek 15 pabo

zer eta ni entzuteko

aupa Manex bi izan gara

gurdipea bultzatzeko

eta txapel bat dugu buruan

egiten duguna tarteko

banatu nahian gure txapela

beharko ditut konpas ta erregela

bateko eta besteko

asko baitut eskertzeko

Zabaldu: