Urtean zehar garatuko den egitasmoak bi helburu ditu: Ugalde gogora ekarri, eta bere lana berriro azaleratu, erakutsi eta edonorren eskura jarri.
Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarraren (Andoain, 1921 – Hondarribia, 2004 ) jaiotzaren mendeurrenaren karietara antolatuko diren egitasmoak aurkeztu dituzte Andoaingo Martin Ugalde parkean. “Bertaratutako erakunde eta eragileok denon artean urtean zehar garatuko den egitasmoa antolatu dugu, bi helbururekin: batetik, Martin Ugalde gogora ekartzea, uste baitugu berak euskal kulturari egindako ekarpenak garrantzia handia duela, eta gogora ekartzekoa dela; bestetik, baliatu nahi dugu urteurren borobil hau Ugalderen lana berriro azaleratzeko, erakutsi eta edonoren eskura jartzeko, pertsona ezagutzea bezain garrantzitsua baita hark egindako lan handia ezagutzea”.
Martin Ugalde jaio zela 100 urte beteko dira datorren azaroaren 11n, eta jada abiatuta daude hainbat ekimen hura gogoratzeko:
Euskal Idazleen Elkarteak Itsasargiak egitasmoaren baitan, Ugalderen bi ipuin podcast bihurtu ditu Donostia Kulturaren laguntzarekin. Itsasargiak ekimenak garai zailenetan iparrorratz izan ziren idazleei gorazarre egitea du helburu. Mantal Urdina eta Gizontzarra ipuinak podcast bihurtuz eta sarean zabalduz gogoratu dute Martin Ugalde, Liburuaren Nazioarteko Egunean egin zen grabaketan. Ahotsak: Garbiñe Ubeda, Inazio Mujika, Anjel Lertxundi, Garazi Kamio, Koldo Izagirre, eta Arantxa Urretabizkaia.
Ugalderen bizitza eta bere ekarpena bilduko dituen erakusketa antolatu da. Maiatzaren 27ean Hondarribian inauguratuko da Arma plazan, eta Andoainen, berriz, azaroaren 5etik abenduaren 4ra bitartean bisitatu ahal izango da, Bastero Kulturgunean. Ondoren, panelak Martin Ugalde kultur parkean geratuko dira jendaurrean.
Hitzaldi zikloa. Urrian zehar, hainbat hitzaldi antolatuko dira, Ugalde eta haren lana aztertu eta gizarteratzeko asmoz: literaturan, kazetaritzan, politikan, Egunkarian Ugaldek egindako ibilbidea eta haren ekarpena. Itxi gabe dago, baina jadanik hitzartuta ditzte honako hizlari hauek: Larraitz Ariznabarreta, Nerea Azurmendi, Anjel Lertxundi eta Iñaki Uria.
Jainkoak ez dit barkatzen, filma. “Jakina da Ugalde kazetari handia izan zela. Esaten da erreportajeak egiteko eta elkarrizketarako dohain berezia zuela”, adierazi dute. Hain zuzen ere Lezo Urreiztietari egin zion elkarrizketan oinarrituta egindako filma da Josu Martinezek zuzendu zuen hau. Andoaingo Bastero Kulturgunean proiekzio berezia egingo da azaroaren hasieran. Ondoren, zuzendariarekin solasaldia ere izango da.
Ugalderen lan publikoaren digitalizazioa eta sareratzea. “Dudarik gabe, hauxe da mendeurrenak egingo duen ekarpenik handiena”. Martin ugalderen lanaren parterik handiena duela urte batzuk Jakinek digitalizatu zuen. Digitalizazio hartatik abiatuta, osatu eta txukundu egingo da eta webgune batean jarriko dira bere lan argitaratu guztiak. Ugalderen lan guztia bilduta eta sarean egongo da, kontsultatu nahi duen ororen eskura. 47 Liburu, 50 liburu zati eta 1.500 artikuluen artean 1.600 lanetik gora dira, eta 120 lan inguru gaurdaino identifikatuta berari buruzkoetan.
Ugalderen lan baten irakurketa jarraitua. Azaroaren 11n beteko dira 100 urte Martin Ugalde jaio zenetik. Egun hori izango da egun nagusietakoa, eta egun horretan, haren izena daraman Andoaingo parkean, bere lan baten irakurketa jarraitua egingo da. Goizetik hasi eta testua bukatu arte hamarnaka lagun pasatuko dira, zatika-zatika testua irakurtzen. Egun hori bera baliatuko dugu Ugalderen lan publiko digitalizatuta zabaltzeko.
Martin Ugalde beka, 2019ko bekaren emaitza. 2015etik, bi urtean behin, Martin Ugalde beka deitu izan dute. Berria, elkar Fundazioa, Jakin eta Martin Ugalde kultur parkea dira antolatzaileak Andoaingo udala laguntzailea. 2019ko beka jaso zutenek entregatu berri dute haien lanaren emaitza, eta udazkenean ekitaldia antolatuko dute hura aurkezteko.
Martin Ugalde ipuin sariketa antolatzen du urtero Andoaingo udalak. Aurten ere antolatuko da, eta gainera indartuta egingo da, Lehiaketak 25 urte betetzen baititu. Lehiaketaren deialdia eta informazio zehatza udalak berak zabalduko ditu. Sari banaketa azaroaren 10ean izango da.