Nerea Ibarzabal eta Julio Soto Zubietan (argazkia: Kultur Sharea)

Martxan da Nafarroako bertsolaritza ikertzeko deialdia

Gradu amaierako lanak, master amaierako lanak zein bestelako ikerketa proiektu monografikoak aurkeztu ahal izango dira deialdira, beti ere unibertsitateko irakasle doktore batek bermatuta. Ekainaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dira proiektuak, eskatutako dokumentazioarekin batera. Urtebeteko epea izango du ikerlariak, proiektua gauzatu eta ikerketa lana aurkezteko. Horretarako 4.000 euroko diru-laguntza bat jasoko du.

Bertsozale Elkarteak Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa sustatzeko deialdia abiatu du. Bertako kideek azaldu dutenez, “edozein jakintza esparru oinarri hartuta egin beharko da ikerketa, beti ere Nafarroan Garaian gauzatzen den (edo gauzatu den) bertsolaritza ikertzea helburu. Gradu amaierako lanak, master amaierako lanak zein bestelako ikerketa proiektu monografikoak aurkeztu daitezke deialdira, beti ere unibertsitateko irakasle doktore baten zuzendaritzak bermatuta”.

Ikerketan aditu diren hainbat lagunek osatutako batzordeak ekainaren 26a baino lehen jakinaraziko du zein den proiektu hautatua. Hortik aurrera, urtebeteko epea izango du ikerlariak, proiektua gauzatu eta ikerketa lana aurkezteko. Horretarako 4.000 euroko diru-laguntza bat jasoko du.

Deialdi honen bitartez, Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa eragiteaz gain, ikertzaile gazteak edo hasiberriak lehen urratsak ematen lagundu nahi ditu Bertsozale Elkarteak.

Oinarriak eta eskaera orria: Nafarroako bertsolaritza ikertzeko proiektu deialdia, Eskaera orria

Zabaldu: