Marta Goikoetxea idazlea eta Iñaki Landa ilustratzailea dira egileak. Liburuak modu erakargarrian emakume nekaezin batzuk erakusten ditu, Durangoko Santa Maria elizpearen babesean euren bizitzako hamarkadak eman zituztenak, bai neguan, bai udan, umeen eta ez hain umeen gustuko produktuak saltzen.
Marta Goikoetxea idazlea (Amorebieta-Etxano, 1983) eta Iñaki Landa ilustratzailea (Portugalete, 1981) Martxanterak izeneko liburua kaleratu dute. Ipuinak bildumaren zazpigarren alea da honakoa eta modu erakargarrian emakume nekaezin batzuk erakusten ditu, Durangoko Santa Maria elizpearen babesean euren bizitzako hamarkadak eman zituztenak, bai neguan, bai udan, umeen eta ez hain umeen gustuko produktuak saltzen. Martxanterek, egunero, gozokiak, jostailuak eta litxarreriak saltzen zituzten postu ibiltarietan, goizean goizetik hasita.
Alaia eta bere familia dira saltzaile haien lan nekeza omendu nahi duen kontakizun honen protagonistak. Amaren urtebetetze egunean neskatoak oraindik ez du opari egokia aurkitu, eta Boniren laguntza funtsezkoa izango da aurkitu ahal izateko. Durangoko azken martxanterak edozein helburu lortzeko pazientzia eta iraunkortasuna ezinbestekoak direla erakutsiko dio. Neskatoak diaboloarekin jolasten den bitartean ikasiko ditu ikasgai hauek.
Goikoetxea eta Landa ekainaren 9an aurkeztuko dute liburua, goizeko 12:00etan, Bilboko Liburu Azokan.
Ipuinak bilduma salgai dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Argitalpen Dendan (Diputazioa 7) eta online www.bizkaia.eus/argitalpenak webgunean.