Amets Berriak du izena kantak eta binilo batean ikusi du argia, Lluis Llachen Campanades a morts abestiarekin batera.
1976ko martxoaren 3ko gauean bertan, Lluis Llachek Campanades a morts kantata epikoa konposatu zuen, “gaur egun oraindik ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurka oihukatzen duen lan bikaina”, adierazi du Martxoak 3 Elkarteak. Orain, 50 urte geroago, abesti berri bat sortzea erabaki dute elkarteko kideek, “oroitzeko, salatzeko eta ametsak oraindik indarrean daudela azpimarratzeko ereserki berria”, nabarmendu dute.
Amets berriak da abesti honen izenburua. Letra Karmele Jaio gasteiztarrak idatzi du, musika, berriz, Idoia Asurmendik konposatu du eta moldaketek Koldo Uriarteren zigilua daramate. Abesti honek bi bertsio ditu: jatorrizkoa, hiru minutukoa eta luzatutako beste bat, sei minutukoa, zeinean koruek eta hari-instrumentuek ere parte hartzen duten.
Sarraskiaren urteurrenarekin bat eginez, Martxoak 3 elkarteak binilozko disko bat argitaratu du Campanades a morts eta Amets berriak abestiekin. Serigrafía.eus webgunean eskuratu daiteke, 25 euroren truke, Angel Hellan gasteiztarrak diseinatutako poltsarekin batera.
Datozen asteetan abesti berri honetarako sortutako bideoklipa estreinatuko da. Honekin 50 dira jada 1976tik martxoaren 3ari begira sortutako kantuak edo Gasteizko sarraskia aipatzen dutenak. Beraz, 50.urteurren betean 50 abesti bildu dira.