Martxoaren 10ean banatuko dira Musika Bulegoa Sariak

Hamar musikarik jasoko dute saria.

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak martxoaren 10ean banatuko ditu Musika Bulegoa Sariak Gasteizko Europa Kongresu Jauregian. Epaimahaiak, beraz, hilabete bat du 108 proposamenak aztertzeko. Guztira, musika arloko hamar bakarlari edo talde sarituko dituzte.

Laugarren edizio honetan musika estilo anitzetako proposamenak jaso dira. Pop-rocka jotzen duten taldeak edo bakarlariak (proposamen guztien %25 inguru), musika klasiko-garaikidea (%22), folka (%18), rocka (%15) eta baita jazza ere (%5). Hizkuntzari dagokionez, euskaraz eta gaztelaniaz abesten duten taldeak edo bakarlariak dira nagusi.

Antolatzaileek sari guztiek balio bera dutela azpimarratu nahi izan dute, “saritutako artista eta talde guztien eta bakoitzaren ekarpena balioesten da, euren artean bereizketarik egin gabe”. Hala, epaimahaiak edizio honetako proposamen guztiak baloratu eta zortzi saritu aukeratuko ditu. 2018ko irailaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean lanak aurkeztu dituztenen artean aukeratuko dituzte irabazleak.

Gainera, aurreko edizioetan bezala, Musika Bulego Elkartearen zuzendaritza taldeak sari berezi bat emango dio prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean, ekoizpenean… egitasmo azpimarragarria gauzatu duen pertsona edo erakundeari.

Hamargarren eta azken saria, Etxepare Musika Euskal Institutuaren Saria izango da. Hirugarren aldia da sari hau banatzen dela eta Euskal Herriko musikari edo talde batek azken hiru urteetan euskal musika nazioartean zabaltzeko eta ezagutarazteko egin duen lana kontuan hartu nahi da. Sarituek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jasoko dituzte.

Zabaldu: