Martxoaren 17an abiatuko dira Bilboko Pabellon 6ko antzerki arineko jardunaldiak

Apirilaren 9ra arte 16 estreinaldi eskainiko dira, astebururo lau antzezlan ikusi ahal izango dira.

Udaberriarekin batera, bueltan dira Bilboko Pabellon 6 antzokiko antzerki arineko jardunaldiak. Aurtengoan martxoaren 17tik apirilaren 9ra bitartean egingo dira. Hamargarren edizio honetan 16 estreinaldi eskainiko dira. Astebururo lau pieza ikusi ahal izango dira. Horietako bat euskaraz. Antzezlanak Pabellon 6n antzeztuko dira, eta emanaldiak ostiral eta larunbat arratsaldeetan (19:30etik aurrera) eta igandeetan (saio bikoitza), goizez (12:00etatik aurrera) eta arratsaldez (19:00etatik aurrera) izango dira.

Sarrerei dagokienez, bi bonu mota egongo dira eskuragarri. Bi piezako bonu itxiak jarriko dituzte salgai, 10 euroan eta lau piezako bonu itxiak 17 euroan. emanalditako bonuak www.pabellon6.org webgunean eta txarteldegian eskuratu ahal izango dira eta bi piezakoak emanaldiaren egunean bertan soilik leihatilan.

Edizio honetan ere sari hauek banatuko dira: Alex Angulo Saria muntaia onenari, Kriselu Saria euskarazko lan onenari, Café Bar Bilbao – Tartean Teatroa Sari berezia, ekoizpenerako laguntza, Antzezle Onenaren Saria Pabellon 6 Antzerki Laborategiaren eskutik eta Publikoaren Saria.

2014an antolatu ziren lehenengoz jardunaldiak

Urte guzti hauetan, 130 pieza baino gehiago ikusi ahal izan dira. Horietatik 90 estreinaldiak izan dira, jardunaldietarako propio sortuak; 19 gonbidatuak (jada estreinatuta zeudelako edo oinarriak betetzen ez zituztelako) eta 24 euskarazkoak (hirugarren edizioan Kriseilu saria sortu zen, euskarazko lan onenaren saria, eta ordutik aurrera urtero egon da euskarazko antzerki laburra). Guztira 300 antzezle baino gehiago igaro dira jardunaldietatik.

Datu horiek jardunaldien arrakasta berresten dutela diote antolatzaileek, eta “urteko hitzordu aipagarri gisa sendotuko dituzte, formatu txikiko antzerkiaren esparruan”.

Zabaldu: