Joan den urteko azaroan aurkeztu zuten Mastodon sare libre eta deszentralizatuaren euskal instantzietako bat eta ordutik hona 1.500 pertsona baino gehiagok ireki dute kontua. Dabid Martinez informatikaria Laborategia 2.0 blogean azaldu duenez, “sare sozial libre honetan jorratzen diren gaiak askotarikoak dira: 1500 erabiltzaile profil desberdinek sortu dezaketen aniztasunaren parekoa”.
Orain beste pausu bat eman nahi izan dute eta Mastodon.eus-en dauden hainbat erabiltzailek, zein beste instantzietan egon daitezkeen erabiltzaile euskaldunek irakurketa talde euskaldun eta ireki bat osatzea erabaki dute hil honetan. “Talde hasi berria da eta zaila iruditzen zait etorkizuna zein izango den jakitea, baina helburua hilero-hilero euskarazko liburu bat aukeratu, irakurri eta komentatzeko erronka mantentzea da”, dio Martinezek.
Oraingoz otsaileko irakurketa zein izango den aukeratzeko proposamenak jasotzen ari direla iragarri du informatikariak. Momentuz, sei irakurketa proposamen jaso dituzte:
• Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua, Edorta Jimenez.
• Ez tiro egin anbulantziei, Mikel Ayllon.
• Fakirraren ahotsa, Harkaitz Cano.
• 19 kamera, Jon Arretxe.
• Zaldi beltzak zeruan, Txomin Peillen.
• Uzta gorria, Dashiell Hammetten (itzulpena Xabier Olarra).
Proposamenak egiteko tartea zabalik dago eta erronka honetan parte hartu nahi duen edonork otsailerako irakurketa proposamenak egin ditzake #otsailerakoproposamena traola erabiliz, urtarrilaren 22a izango da proposamenak jasotzeko azken eguna. Egun horretan, proposamen guztiak jaso, inkesta bat irekiko dute eta jasotako irakurketa proposamen guztiak bozkatzeko aukera egongo da. Galdetegi horretatik aterako da, hain zuzen ere, otsailean irakurri beharreko liburua. Inkesta betetzeko azken eguna otsailaren 31a izango da. Otsailaren 1ean irakurri beharreko liburua zein den argitaratuko dute. Hortik aurrera traola #otsailekoliburua izango da.
Taldearekin bat egiten dutenek liburua aukeratuta dagoenean hilabeteko tartea izango dute liburua irakurtzeko eta komentatzeko. “Iruzkin horiek guztiek Mastodon-en zentratuko direla aurreikusten badut ere, Fedibertsoko sare desberdinetan zabaltzeko aukera egongo da”, nabarmendu du Martinezek.
Parte hartzeko informazio gehiago hemen.