(argazkia: Kamikaz kolektiboa 'Matriuska')

‘Matriuska’, ‘Esnatu naiz’, ‘Panpina’ eta ‘Satiro’ antzezlanak Zestoako Antzerki Astean

Ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean izango da Zestoako Antzerki Astea. Lau antzezlanak Kultur Etxearen aurrean eskainiko dituzte gaueko 22:30ean.

Ekaina iritsi da eta horrekin batera, bueltan da Eromen Antzerki Taldeak urtero antolatzen duen Zestoako Antzerki Astea. Aurten, ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean izango da eta hainbat antzezlan eta ekintzaz gozatzeko aukera izango da herrian.

Guztira, lau antzezlan ikusteko aukera egongo da. Hala, Kamikaz kolektiboaren Matriuska antzezlanak emango dio hasiera asteari, Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga aktoreekin. Hilaren 30ean eskainiko dute emanaldia, gaueko 22:30ean, Kultur Etxearen aurrean.

Uztailaren 1ean, berriz, Elur Etxea konpainiak Esnatu naiz antzezlana eskainiko du Andoni Mutiloa aktorearekin. Hilaren 2an, Kamikaz kolektiboaren beste antzezkizun bat ikusteko aukera izango dugu: Panpina, Erika Olaizola aktorearekin.

Asteari amaiera emateko, uztailaren 3an, Satiro izeneko antzezlana ikusteko aukera egongo da Xanti Agirrezabalen eskutik. Emanaldi guztiak gaueko 22:30ean izango dira Zestoako Kultur Etxearen aurrean.

Horretaz gain, beste hainbat ekimen ere antolatu dituzte lau egun hauetarako: Akzio poetikoa herrian zehar eta Irrati nobela Kukurruku irratian (101.75 FM), besteak beste.

Sarrerak asteburutik aurrera salgai

Ekainaren 16an jarriko dituzte sarrerak salgai Zestoako Turismo Bulegoan. Eromen taldeko kideak, berriz, Erdi kalean izango dira asteburuan zehar sarrerak saltzen. Antzezlan bakoitzerako sarrerez gain, obra guztiak ikusteko bonoa ere eskuratu ahal izango da, 26 euroren truke.

Zabaldu: