Mattin marrazkilariaren ‘Aurpegrafiak’ erakusketa ikusgai abenduaren 17ra arte, Donostian

Erakusketarekin batera, hainbat jarduera antolatuko dira Okendo Kultur Etxean.

Donostiako Okendo Kultur Etxeak Mattin marrazkilariaren Aurpegrafiak erakusketa paratu du, eraikin zaharreko erakusketa aretoan. Iñaki Martiarena Otxotorena “Mattin” autorearen arabera, Aurpegrafiak iritzi-ariketa bat da, eta Euskal Herriko XX. mendeko euskarazko kulturaren, kirolaren eta genero-berdintasunaren arloko 50 lagun ezagunen arpegrafiak biltzen ditu. Okendo Kultur Etxerako karigrafia horietako hamasei aukeratu ditu.

Aurpegrafiek, Mattinen beraren hitzetan, “ez dituzte pertsonak zauritzen“, eta protagonistei eta haien ibilbideei omenaldia egiten dien dibulgazio-proiektu bati bizia ematen diote. Erakusketa hau eta berari dagozkion jarduerak Literaktum Jaialdiaren egitarauaren baitan kokatzen dira.

Iñaki Martiarena Otxotorena Mattin, Donostian jaio zen 1967an eta bere obra bizipoza hutsa da. Bere tailerrak umorez eta atseginez beteta daudela diote. Eskarmentu handia du arte grafikoaren hainbat arlotan. 90eko hamarkadatik hona, ezaguna da bere komikiengatik, bere ilustrazioak hainbat argitalpenekin batera agertzen dira, bere lanak hainbat alditan erakutsi dira, eta lau aldiz saritu dute jada.

Jarduera osagarriak

Erakusketaren osagarri, jarduera desberdinak garatuko dira Aurpegrafiak erakusgai diren bitartean Okendo Kultur Etxean, bai helduentzat bai umeentzat.

Azaroaren 13an, esaterako, umeentzako tailerra garatuko du egileak (5-11 urte) Haurtxokon, arratsaldeko 17:30ean eta euskaraz. Aurpegiko atalak kontutan hartuz aurpegrafia bat sortuko dute parte hartzaileek. Aldez aurreko izen ematea egiteko haurtxokoa_gros@donostia.eus helbide elektronikora idatzi beharko da. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte

Azaroaren 18an, berriz, Mattin-ek berak bisita gidatuak egingo ditu arratsaldean, euskaraz 18:00tan eta gaztelaniaz 19:00tan (edozein adina). Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte

Azaroaren 19an helduentzako tailerrak izango dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Marrazketa tailer praktikoa izango da. Helburua da pertsona baten ezaugarrien laburpena nola egiten den ikastea, sudurra, ahoa, belarriak, ileak eta halakoei erreparatuz. Azkenean guzti horiek aurpegrafia batean interpretatu eta laburbilduko dira. Interesa duenak aldez aurreko izen ematea egin beharko du Okendo Kultur Etxean bertan edo www.donostiakultura.eus webgunearen bidez (15 €). Euskarazko taldea Sortu zure aurpegrafia, 17:00-18:45 ordutegian eta gaztelaniazkoa Crea tu carigrafía 19:00-20:45 bitartean.

Erakusketa azaroaren 5etik abenduaren 17ra bitartean bisitatu ahal izango da.

Zabaldu: