Pieza Boulevard zumardiko 15. zenbakian zegoen Novelty Caferako egin zuten 1900 inguruan; 2026ko apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai arte bilduma historikoaren aretoan.
Donostiako San Telmo Museok Nabarmendutako obra berria aurkeztu du: Maumejean Anaiak enpresa frantziarrak egindako beirate bat (ca. 1900). Pieza Novelty Caferako (Boulevard 15, Donostia) egin zuten eta 1917an kafetegia itxi zutenean bertan irekitako Trust Joyero bitxitegian mantendu zuten. Beiraz eta berunez egindako pieza honek 2,18 x 2,28 m neurtzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumatik dator. 2026ko apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai Donostiako Museoko arte bilduma historikoaren aretoan.
Novelty Cafea 1900. urte inguruan hirian inauguratutako kafe-gozotegi dotorea izan zen, Boulevard zumardiko 15. zenbakian zegoen Echeverria familiaren jabetzako eraikin batean. Kafe, gozotegi eta te-areto gisa jaio zen, eta oso establezimendu berritzailea izan zen: koktelak prestatzen zituzten barmanak zituen, garai hartan hirian ezohikoa zena. Novelty 1917. urtera arte egon zen zabalik, eta itxi ondoren Trust bitxi-denda ireki zen lokal berean, beiratea mantenduz.
Maumejean Etxea garai horretako beirate enpresa nagusienetakoa zen. 1860an sortu zen Pauen, eta hasieratik nabarmendu zen eliza eta oratorioetarako beirateak manufakturatzeagatik. Baionako Katedrala edo Biarritzeko udaletxeko beirateak egin zituzten besteak beste. 1907. eta 1909. urteen artean Donostian ireki zuten sukurtsala Pedro Egaña kaleko 8. zenbakian, eta bertan egin zituzten garai hartako enkargu gehienak.
Beirate hau garai horretako merkataritza eta denden estetika eta dekorazioaren erakusle argia da.
Nabarmendutako obra
San Telmo Museoak Nabarmendutako obra programa 2023an jarri zuen martxan, denbora batez arreta obra jakin batera erakartzeko, bere ezaugarriengatik, gaurkotasunagatik edo bakantasunagatik azpimarragarria denean.
Obra hauek izan dira programa honetan ikusi ahal izan ditugunak: Ozeanoko Perla bainuetxea (1910), Ramon Cortazarren akuarela; Pintura (1960-62) eta Adolescencia (c.a. 1948), Maria Paz Jimenezen olio pinturak; Amalia de Llano y Dotres, Condesa de Vilches (1853), Federico de Madrazo y Kuntzen olio pintura (azken hau Museo del Pradoren lankidetzarekin), Izenbururik gabe (1922) Nestor Martin Fernandez de la Torreren olio lana, eta Tête eskulturarako modeloa (ca. 1978), Joan Mirorena.