Maurizia Aldeiturriaga oinarri duen ‘Aire!’ dokumentala azaroaren 12an estreinatuko dute Bilbon

XX. mendearen hasieran euskal musika herrikoia goitik behera aldatu zuen pandero-jolearen figuran oinarrituta, 13 gaztek musika-pieza bat sortuko dute. Musika tradizionalean adituak diren hiru musikariren gidaritzapean (eta Maurizia beraren eraginpean), gazteak musika ulertzeko modua aldatuko duen sortze-prozesu batean murgilduko dira.

Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaile eta abeslaria du oinarri Aire! Dokumentalak. Marmoka Films eta Bideografik ekoiztetxeko kideek adierazi dutenez, “Historiako liburuetan gizonen izenak dira nagusi. Maurizia bezalako emakume indartsu eta kementsuek egindako lana, ordea, askotan ahaztua izan da, emakume izate hutsagatik. Emakumearen askatasuna oso mugatua zen garai batean, gizonak ordezkatu zituen, Euskal Herriko plaza nagusietan kantatuz, eta Mauriziak eredu berri bat sortu zuen emakumearentzat, bere garaiko ikono bihurtuz”.

Lantaldearen helburua emakume horri merezi duen lekua ematea izan da, eta belaunaldi berriei Mauriziaren irudia eta lana aurkeztea, etorkizunean haientzat erreferentzia izan dadin. “Bere ondarea zabaldu nahi dugu, besteak beste, ahaztu ez dezagun”.

“Aire! bidaia musikal bat da, musikaren ahalmen eraldatzailea, naturaren edertasuna eta tradizioa ardatz dituena”, zehaztu dute, izan ere “Mauriziaren bizitzan ezinbestekoak ziren musika, panderoa, konposizioa eta letrak. Ezingo litzateke Maurizia musikarik gabe ulertu, eta ikus-entzunezko proiektu hau ezin da Mauriziarik gabe garatu. Elkarri lotuta daude, eta bien presentzia ezinbestekoa da”.

Hala, Maurizia oinarri hartuta, hainbat leku eta kulturetako gazte talde batek musika pieza bat sortu du. “Sormen prozesu hori da gehien interesatu zaiguna eta horixe izan da filmaren ardatza, betiere haren bizitza eta lana erreferentziatzat hartuta”, azaldu dute.

Dokumentala Bilboko Zinebi jaialdian estreinatuko dute azaroaren 12an, arratsaldeko 18:00etan, BBK aretoan.

Zabaldu: