‘Mauriziak ez du inor hil’ emankizun berezia eskainiko dute martxoaren 23an, Bilbon

Maurizia Aldeiturriagaren kopletatik abiatutako zuzeneko emankizuna da Mauriziak ez du inor hil, euskal folklore digitalean eta formatu berrietan oinarrituta.

Ines Osinagak eta Lorea Argaratek sortutako kolektiboak Mauriziak ez du inor hil ikuskizuna eskainiko du Bilboko Alondegian, Loraldia Festibalaren azken astean.

Proiektu hau Maurizia Aldeiturriagaren kopletatik abiatutako zuzeneko emankizun bat izango da. Abiapuntu horretatik abiatuta, euskal folklore digitalean eta formatu berritzailetan oinarritutako lehen emanaldia izango litzateke.

Hala, Mauriziak ez du inor hil-en emanaldi bakoitzak ezaugarri berezi eta bakarrak izango ditu eta ekintza performatiboa bilakatuko da. Artista batekin batera, Maurizia anfitrioi rola hartzen duena, ikuskizuna esperimentazioaren mugetan murgilduko da. Ondorioz, emanaldi bakoitza ezberdina izango da eta inoiz ez da modu berean errepikatuko.

Loraldia Festibaleko piezarako, Osinagak eta Argaratek beste bost emakume bildu dituzte: Eneritz Dueso, Garazi Egiguren, Itziar Garaluce eta Elena Garcia. Oraingoan, baina Julene Gregorio moda diseinatzailea batu da kolektibora anfitrioi gisa, eta berarekin batera espazio eszenikoa, jantziak eta estetikaren inguruan ikertuko dute.

Ikuskizuna ahalduntze kolektiboko ariketa bat bilakatuko da. “Kopla zaharrak ezagutzeko, orduko istorioak gugana ekartzeko, doinu tradizionalei gaur egungo eszenan espazio bat eskaintzeko eta plazandreei gorazarre egiteko teknologia zahar eta berriekin sortutako proiektua da”, azaldu dute. Sortzaileen esanetan, “XXI. mendeko erromeria bat biziko dugu martxoaren 23an, iluntzean, Bilboko erdigunean”.

Emanaldian arte diziplina ezberdinak uztartuko dira: musika organikoa eta elektronikoa, arte bisualak, argiak, dantza eta moda. Osagaiak, argiak, bisualak, koplak, panderoak, beatak, samplerrak, autotunea, irrintziak eta lfo filtroak. Gertatuko dena sorpresa izango dela aurreratu dute.

Gregoriok emankizun berezi eta bakar honetarako sortutako ekintza artistikoan, Eulalia Abaituaren argazkiekin zianotipiaz zapiak diseinatu ditu, eta egunean bertan estilismoarekin jolasteko proposamena egingo du. Izan ere, Gregoriok berak diseinatu eta sortu ditu emanaldi horretan kolektiboko kideek jantziko dituzten arropak, eta moda desfilea eta kontzertu baten artean egongo den performancea bilakatuko da.

Oraingoan, gainera, beste berezitasun bat izango du ikuskizunak: Berta Bittersweet abeslari eta konpositorea batuko da kolektibora eta euskal folklorea bestelako proposamen estetikoekin uztartuko dituzte”.

Zabaldu: