(argazkia: Gasteizko Udala)

Mazoka erakusketa azoka abenduan itzuliko da Gasteizera

Irailaren 2an, oinarriak eta Mazokalari gisa parte hartu ahal izateko eskabide-formularioak argitaratuko dira. Azokan egongo diren 40 postuetatik bat lortzeko epea 20 egunez egongo da zabalik, irailaren 30era arte, hain zuzen.

“Pozarren eta ilusio handiz iragarri nahi dugu 2024an berriro gozatu ahal izango dugula Mazoka Gasteizko Marrazki eta Ilustrazio Azokaz”, adierazi du ekimen honen antolakuntzak bere webgunean argitaratu duen oharrean. Iazko etenaldiaren ondoren, Ilustrazioaren Azokaren bederatzigarren edizioa izango da abenduaren 20, 21 eta 22an Montehermoso Kulturunean.

Irailaren 2an, parte hartzeko oinarriak eta Mazokalari gisa parte hartu ahal izateko eskabide-formularioak argitaratuko dira. 40 postuetatik bat lortzeko epea 20 egunez egongo da zabalik, irailaren 30era arte, hain zuzen.

Erakusketa azoka bat da Mazoka, profesional sortzaileen eta ikusleen arteko topagune bat, baita sinergia, lankidetza, proiektu eta enkarguen sorrerari bide ematen dien plaza estrategiko bat ere, zeinak mota guztietako diziplina eta tekniketako ilustratzaileak, marrazkilariak eta artista bisualak babestu eta saritzen baititu. “Mazokalari izatea curriculum-datu prestigiotsu bihurtu da bertan parte hartzeko hautatuak direnentzat”, nabarmendu dute antolatzaileek. “Azokak hainbat ogibideren lana ikusgai jartzen du, hala nola arte xehetzat jotzen diren arte aplikatuak, zeinak identitate bisualarekin eta era guztietako euskarrietan egindako marrazkiekin lotura baitute. Horri esker, ekitaldiak lagundu egiten dio Gasteizek kultura eta sormen arloko industrien sektorean erreferentziazko hiri gisa duen aitortza gero eta handiagoari”.

Mazokaren formulak arrakasta duela erakutsi du: “profesional ospetsuek eta sortzen ari diren balioek espazioa partekatzen dute, bizikide dira eta elkarrekin bat egiten dute, eta, arrakasta hori kontuan izanda, edizio honetan, nazioartean ospetsuak diren pertsonak edo sektorean aipagarriak direnak erakartzeko ahalegina egiteaz gain, urrats bat harago joan nahi izan dugu, eta ilustrazioaren aldeko apustua egiten duten KM0 proposamen, autonomo eta ETEei ikusgaitasuna eman nahi diegu, baita aintzatetsi eta saritu ere”.

Bekikasle-Laboral Kutxa beka ere aipatu dute antolatzaileek, potentzialtasuna duten ikasleak postu batekin eta diru kopuru batekin saritzen dituena. “Ildo horretan, Mazokak erakutsi du autore berriak aurkitzeko bide bat dela: epaimahaiaren bost erabakiren ondoren, esan dezakegu saridun guztiak profesionalizatu egin direla eta errekonozimenduak eta prestigio handiko sariak jaso dituztela”.

Zabaldu: