Urriaren 23ra arte egongo da izena emateko epea zabalik.
Mazoka Marrazki Azokaren VI. edizioak lanak erakusteko eta aintzatesteko tokia izaten jarraituko du aurten, izan ere, ekimenak “hautatutako mazokalarien lanak eskuratzeko, ezagutzeko eta ikusgai jartzeko aukera ematen du”. Oraingoan, baina, antolakuntzak ezin izango du gomendatutako segurtasun-tartea bermatu, eta urtez urte azokaren topaleku izan den eremuak jende gutxi har dezakeenez, azokaren webgunea izango da marrazkiak ezagutzeko eta eskuratzeko trafiko-iturri nagusia. Bertan, webguneko eta RSSko protagonista izango den atal bat egongo da: MAZO(K)ASA. Honetan, hautatutako mazokalari bakoitzaren profila egongo da ikusgai, baita biografiarako esteka, lanen irudiak eta aurkezpen-bideo labur eta dinamiko bat ere. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Mazokalari bakoitzaren galerian, ekintzarako gonbidapen-botoi batzuk egongo dira, eta bakoitzaren denda pertsonalera eramango gaituzte; horrela, erosotasun osoz erosi ahal izango dira lanak, eta egileei kontsultak egin ahal izango zaizkie”.
Mazokalari gisa izena emateko, urriaren 23ra arte egongo da epea zabalik, “bai 40 postuetako bat lortu ahal izateko, bai marrazkigintza, animazio, diseinu edo arteko ikasleei zuzendutako #BEKIKASLE beka eskuratu ahal izateko”. Interesa dutenek webgunean dagoen inprimakia bete beharko dute. Azaroaren 2an ezagutaraziko da epaimahaiaren erabakia.
Marrazkiaren eta arte plastikoen balio berriak ezagutzen lagundu ez ezik, Mazokaren formatu berri honek “aukera paregabea ere eskaintzen du nazioartera are gehiago zabaltzeko”, diote antolatzaileek.
Erakusketa
“Oso gogoan dugu zer den mazokalarien marrazki eta lanak zuzenean ikustea; hori dela eta, hautatutako marrazkilari bakoitzaren erakusketa bat egingo dugu Gasteizko Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian”, adierazi dute antolatzaileek. Helburu nagusia da jaialdia artistikoki berregitea. Mazokalariek obrak esekitzeko erabiltzen zituzten euskarriak erakustoki gisa erabiliko dituzte marrazkilari bakoitzaren obrak erakusteko, baita QR kode bat ere mazokalari bakoitzaren “postuaz” sakelakotik edo tabletatik in situ gozatzeko. Hala, “erakusketari esker, Mazoka espirituari eutsi nahi diogu. Jendeak ez ditu hainbeste muga izango sartzeko, gainera, diziplina, euskarri, aplikazio, estilo eta abarrak erakusten dituzten bisita gidatuetan parte hartu ahal izango dute (aurretik izena emanda)”.
Mazo(k)asa online merkatuak, hala ere, ez du merkatu tradizionala ordezkatu nahi, “baliteke hurrengo edizioetan biak batera eskaini ahal izatea, baina ezin genuen hutsik utzi hasiera-hasieratik halako goxotasunez hartu gaituen eremua. Mazokalariei ere ez diegu kendu nahi beren lanak Montehermoso Jauregikoa bezain ospetsua eta polita den kulturune batean ikusteko aukera”.
Horrenbestez, nahiz eta haiek bertan ez egon, haien lanak abendura arte egongo dira Ur Biltegiaren hormetan. Gainera, lehen aldiz, mazokalari guztiak egileen katalogoan sartuko dira, eta paperean jaso edo deskargatu ahal izango da. Guztiek izango dute erakusketari hasiera eta amaiera emateko ekitaldietan egoteko aukera (abenduaren 5ean eta 20an), baita programatutako bisita gidatuetan ere.