Egitasmoaren helburua memoria historikoa ikuspegi sozial garaikide, eraldatzaile eta feminista batetik berreskuratzea da.
Iruñeko Santa Maria la Real plazan abiatuko da Memoria eszenikoa izeneko antzezlan ibiltaria gaur, arratsaldeko 19:00etan. Hala, hiriko alde zaharreko kaleetan zehar, batez ere XX. mendeko lehen erdian bizi izan ziren hainbat emakume ezagutzeko aukera eskainiko da egitasmoarekin. Lantaldeak azaldu duenez, “garai, lanbide eta eginkizun desberdinetako emakumeak izango dira, garai horietako gertakari politiko, ekonomiko eta sozialetan arreta berezia jarriz”.
Egitasmoaren helburua memoria historikoa ikuspegi sozial garaikide, eraldatzaile eta feminista batetik berreskuratzea da.
Memoria eszenikoa proiektua ELLAS las mujeres en la historia de Pamplona liburuan eta Ana Diez de Ure historialariak eta lantaldeko kideek gaur egunera arteko ikerketatik abiatzen da. Bisita antzeztu hauekin “herritar guztiengana ahalik eta modurik bizienean iristen saiatuko gara”, azaldu dute. “Arte eszenikoak espazio publikoan bertan erabiliz, eguneroko bizitzan igarobide diren leku komunak antzemanez: hiriak iragaitzazko espazio huts gisa duten paperetik askatzen dituen kultura-ekintza modu bat. Kaleak artea garatu eta erakutsi daitekeen leku bihurtzen dira”.
Kontrastez eta ustekabez betea, “Maia Ansa eta Garazi San Martin aktoreen antzezpenak pertsonaien karismaz eta intimitateaz elikatzen dira, eta Iruñean eguneroko espazio batzuk berrezagutzeko aukera emango dute. Gertaera eta emozio desberdinetatik igarotzean, publikoa hiriaren norabidea markatu duten gertaera historikoen konplize izatea nahi dugu, eta agian hain ezagunak eta jakinak ez diren errealitateetara hurbiltzea”.
Bisita bakoitza 20-25 lagunentzako izango da, baina laster hitzordu gehiago iragarriko dituztela aurreratu dute.