Amaiur 1922. Harrizko Memoria eta Patxi Agirre historialariak idatzitako Manuel de Irujo, Amaiur y la historia de Navarra dira aurkeztuko dituzten liburuak. Jarduera programa 11:etan hasiko da Elorrietaren zuzenekoarekin.
Memoria historikoa berreskuratu eta kultur jarduerak bultzatzeko asmoz, Amaiurko Gaztelua Fundazioak Eñaut Elorrietaren kontzertua eta bi liburuen aurkezpena antolatu ditu martxoaren 1ean, Amaiurren.
Igandekoa izango da Elorrietaren birako azken kontzertua. Bakarkako emanaldi bereziak eskaini ditu, bere hurrengo diskoa prestatzen ari den bitartean. Baztango emanaldia bakarra izango dela aurreratu dute. Musikariak Amaiurren jotzeko ilusio berezia adierazi du, “urte hauetan zehar bisitatu duena eta memoria historikorako eta bere gaztelua berreskuratzeko auzolanean egindako lan komunitarioagatik erreferente izan dena”.
Ekitaldi berezi honetan, Amaiurko Gaztelua Fundazioak sortutako bi argitalpen ere aurkeztuko dira, Lehena, Amaiur 1922. Harrizko Memoria izenekoa, Amaiurko gazteluko monolitoaren inaugurazioa zela eta 1922an argitaratu zen argazki-albuma faksimile gisa erreproduzitzen duena da. Edizio honek jatorrizko argazki-albumaren tamaina, tipografia eta ezaugarriak errespetatzen ditu, eta 150 ale baino ez dira argitaratu. Edizio mugatua da, eta Mintzoa argitaletxeak inprimatu du.
Bigarrena, berriz, Patxi Agirre historialariak idatzitako Manuel de Irujo, Amaiur y la historia de Navarra monografia da. Liburu hau Lizarrako politikariaren eta Nafarroaren arteko lotura sakona aztertzen duen dibulgazio-lana da. Egileak Irujok Nafarroako arazoen historiari, pentsamenduari eta helburuei buruz dituen ikuspuntuen ikuspegi orokorra eskaintzen du. Liburuko funtsezko ardatz bat Amaiurren sinbolismoa da, 1522an Nafarroaren independentziaren aldeko azken borroka gertatu baitzen Foru Komunitatearen egungo lurraldean. Irujorentzat Amaiurrek herri gisa etorkizun komun bat proiektatzeko gainditu behar ziren hauste historikoen oroigarri bat irudikatzen zuen. 1922an Amaiurko monolitoaren inaugurazio-ekitaldian egon zen, Nafarroa osorako memoria-leku gisa definitzen zuena. Horrela, Amaiurko Gaztelua Fundazioak omenaldia egin nahi dio Irujori.
Kontzertua eta programatutako ekitaldiak 11:00etan hasiko dira, eta doakoak izango dira, aretoa bete arte.