(argazkia: Urmuga)

Mendia, itsasoa eta musika uztartuko dituen Urtanta jaialdia aurkeztu dute

Urmugaren filosofiari jarraituz, Urtantak musika eta natura uztartzearen magia eskainiko duela adierazi dute antolatzaileek. Uztailaren 22an, goizean goiz abiatuko da mendi ibilaldia Pasaiatik Azkainera.

Uztailaren 22tik 24ra mendiak, itsasoak eta mugak musikaz blaituko ditu Urtantak, Pasaiatik Azkainera, Hondarribitik eta Beratik pasata. Hiru egunetako mendi ibilaldiarekin batera, sei musika emanaldi, festa giroko ekitaldi ugari, erakusketak eta beste hainbat sorpresa eskainiko ditu. Horietako bat izango da Elkano Itsas Herria ekimenaren Elkanoren patatxa-ontziaren erreplikaren lehorreratzea.

Jaialdiaren antolakuntzan Urmuga Elkartea eta Elkano Fundazioa lankidetzan aritu dira, Mendiak eta Herriak mendi gida taldea eta Et Incarnatus orkestrarekin batera. Gaur aurkeztu dute, Jaizkibel mendian bertan, elkarlan horren emaitza den Urtanta jaialdia.

Magia eta artista ugari

Urmugaren filosofiari jarraituz, Urtantak musika eta natura uztartzearen magia eskainiko duela adierazi dute. Uztailaren 22an, goizean goiz abiatuko da mendi ibilaldia eta Pasai San Pedrotik Pasai Donibanera txalupan pasako dira. Bertan, zain izango du Ur Harizko laukotea, Urtantako lehen musika emanaldia izango dena. Jaizkibelerantz egingo dute gero, baina ez dira bakarrik joango: haiek mendian diren bitartean, Elkanoren Patatxak itsasotik jarraituko ditu, eta Artzuportu hondartzan lehorreratuko da. Ondoren, 18:00etan musika emanaldi berezian elkartuko dira denak, Jaizkibel mendiaren Erentzin itsaslabar ikusgarrian, Bioznar lurmutur gainean. Kantariak Leire Letu eta Kristina Aranzabe kantuan, eta Urtanta Banda lagun, kide hauek osatuta: Iñaki Dieguez (akordeoia), Bixente Martinez (gitarrak), Igor Telletxea (bateria), Gorka Benitez (saxoa),Koldo Uriarte (teklatuak), Iñigo Telletxea (bateria) eta Leturia (panderoa).

Amaitutakoan, Mendizaleen Bibaka egingo dute, eta horrela amaituko da Urtantaren lehen eguna. Hiru egunetan izango denaren aurrerapena: uztailaren 23an Hondarribian eta uztailaren 24an Azkainen egun osoko festa eta emanaldiak izango dira. Bertan ariko dira Et Incarnatus Orkestra, Donostiako Orfeoia, Petti, Xabi Solano, Leturia, Estitxu Pinatxo, Miren Narbaiza, Ttan Harizko Laukotea eta festa giroko taldeak: Jarauta 69 Fanfarrea, Baigorriko Gaiteroak, Errobiko Joaldunak, Trikitxaga Musika Taldea, Azkaingo Ikasleak Dantza Taldea, Kurrunka Kantariak eta Murgi Taldeak.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: