Mendigorriko D ereduaren auziari lehenbailehen konponbidea emateko eskatu dio Behatokiak Euskarabideari

Mendigorriko gurasoak 2015etik ari dira haurrek herrian bertan euskaraz ikasteko duten eskubidea aldarrikatzen.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eskabidea aurkeztu du Euskarabidean, Nafarroako Gobernuak Mendigorriko D ereduaren auziari lehenbailehen bide eman diezaion.

Behatokiaren arabera, Mendigorriko gurasoek urtez urte, D ereduaren alde egin arren, Nafarroako Gobernuak ez du euskarazko eredurik ezarri eta etorkizunean eredu hori ezartzeko asmorik duenik ere ez du zehazten; “egoera ulergaitza da”, dio.

Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoko guraso talde batek 2015ean ekin zioten euren seme-alabek euskaraz ikasteko zuten eskubidea aldarrikatzeari. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza delegaritzak aldiz, ez du bidea ireki Mendigorriko gurasoek aukera hori izan dezaten.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak bat egin du gurasoen eskaerarekin: “Nafarroa osoan gertatzen den bezala, Mendigorria bezalako herri txikietan ezinbestekoa da, etorkizunari begira, haurrak herrian bertan euskaraz ikasteko aukera izatea, are gehiago, bertan, instalazio egokiak izanda”. Horregatik, “ikasturtez ikasturte gurasoek egindako eskaerari erantzuna eman beharko litzaioke behingoz, aukera egon badagoelako”, adierazi du Gaubekak.

Behatokiko zuzendariaren ustez gainera, “ez gara guraso batzuen eskaeraz soilik ari, Nafarroako hainbat herritako haurren eskubideez eta herri hauetako eredu kultural eta soziolinguistikoaz ere ari gara. Argi geratu da Nafarroako marko juridikoak ez dituela eskubide horiek behar bezala babesten”.

Izan ere, 18/1986 Euskararen Legearen 25. Artikuluan, euskara irakaskuntzan pixkanaka eta modu progresibo batean eta behar adina sartuko dela adierazten da. 159/1988 Foru Dekretuak bere aldetik, Nafarroako irakaskuntza ez unibertsitarioan administrazioak, tutore edo gurasoek aurkeztutako eskaerak eta zentroaren baldintzak aztertu ostean, dagokion ereduaren ezarpen jarrai, gradual eta egokia eskaintzea ziurtatzen du. Baina, Behatokiaren arabera, errealitatea oso bestelakoa da, “gurasoek Nafarroako Gobernuaren erantzun arrazoitu bat oraindik ez dutelako jaso.

Gaubekak “larritzat” jo du egoera, haurren hezkuntza eskubideak urratzeaz gain, familientzako eragozpen handiak sortzen direlako. “Umeek euskaraz ikas dezaten, beste herri batzuetara bidali behar dituzte”. Horren ondorioz, gurasoek garraio eta jangela zerbitzuak ordaindu behar dituzte, errepideko arriskuak jasan behar dituzte, denboraren kudeaketa falta iza…. Era berean, Mendigorriari berari ere eragiten dizkio kalteak, Gaubekaren aburuz: “epe ertainera, egoera honek eragin nabarmena izango du herriko soziolinguistika eta eredu kulturalean. Berdintasuna, justizia eta kohesioaren alde beharrezko neurriak exijitzen dizkiogu Nafarroako Gobernuari”.

Zabaldu: