(argazkia: Erein)

[BIDEOA] ‘Mesfidatu hitzez’ izenpean Toure ikertzailearen zazpigarren abentura kaleratu du Jon Arretxek

Basauriko idazleak Parisen kokatu du oraingo honetan protagonista.

Aurreko liburuan, Ez erran deus izenekoa, giro urbanoa alde batera utzi eta nekazaritza giro batean kokatu zuen Jon Arretxek (Basauri, 1963) Toure pertsonaia. “Bertan, behingoz, bakea topatuko zuela uste genuen, baina hortik ere alde egin behar izan zuen”. Hala, Mesfidatu hitzez (Erein) nobela berrian Parisera alde egingo du protagonistak Yareliz lagunarekin batera.

Hirira ailegatzerakoan konturatuko da Paris Afrika handi bat dela, erdigunetik pixka bat irtenez gero, “bertako auzo batzuk guztiz Afrikarrak dira, milaka eta milaka Afrikar bizi dira”, dio egileak. Horrexegatik, Toure bertan, eroso sentituko da, eta gainera, ekonomia aldetik oparotasunean biziko da. “Hasieran behintzat, dirua soberan izango du, lehendabiziko aldiz bere bizitzan Toure diruduna dela esan daiteke”. Protagonista lapur profesionala bihurtu da. Yarelizek irakatsi dio estutasun ekonomikorik gabe bizimodua ateratzen; Burkina Fasoko bere familiari dirua bidaltzeko moduan ere bada, eta era horretan zentzu pixka bat bilatuko dio migratzearen ofizio arriskutsuari.

Eleberriaren abiapuntua Notre Dame erre zeneko momentua da. Turistak aho zabalik katedralari begira ari diren bitartean, Toure eta Yareliz turista horien poltsikoak husten arituko dira.  Hasiera batean, ez dute diru arazorik izango, beste leku batzuetan ere lapurretak egiten baitituzte, “geroago konplikatuko zaie kontua”. Toure, sakon-sakonean, lehengoko pertsona bera da, anaitasunez eta elkartasunez jokatzea atsegin duena; horregatik, bilatu gabe, berriz sartuko da abentura arriskutsu batean, non bere erosotasuna eta bizitza bera ere airean jarriko duen. “Argien Hiria Ilunbeltzena bihurtuko da gure detektibe igarlearentzat”.

Arretxeren aurreko lanetan bezala, nobela berrian ere jatorri askotarikoak izango dira pertsonaiak; Yareliz esaterako, karibetarra da, kolonbiarra den beste emakume bat ere ageri da liburuan, baita haitiarra dena ere, txinatarra, nigeriarra… Horietaz gain,  idazleak 2007an idatzitako Morto Vivace nobelatik bi pertsonaia berreskuratu ditu: bi polizia. Parisen girotu zuen Arretxek istorio hura. “jende askok esaten zidan, egunen batean, Toure Parisera eramaten banuela, bi pertsonaia horiekin gurutzatu behar nituela”, eta horixe egin du idazleak. “Hasieran badirudi bi pertsonaia horiek nahiko ondo portatuko direla Tourerekin”, dio Arretxek.

Inazio Mujika editorearen esanetan, eleberri honetan, “sorpresak ez dira gutxi, negar pixka bat ere egin daiteke, barre ere bai eta umoretik badu liburuak”.

(Bideoa: Erein)

Zabaldu: