(argazkia: Metrokoadroka Kolektiboa)

Metrokoadroka kolektiboak ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko du otsailaren 19an, Galdakaon

Tratu txarrek eragindako trauma baten ostean, alaitasunak eta umoreak jokatzen duten paperaz egiten du gogoeta obrak. Edurne Azkarate eta Oier Guillanen gidaritzapean, Intza Alkain, Iraia Elias, Javier Barandiaran eta Marina Suarez aktoreak ikusiko ditugu taula gainean.

Metrokoadroka Sormen Laborategiak Bi baso bat ur antzezlana estreinatuko du otsailaren 19an Galdakaoko Torrezabal antzokian. Obra Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren fruitua da eta tratu txarrei loturiko trauma baten ostean alaitasunak eta umoreak jokatzen duten paperaz egiten du gogoeta.

Agertoki gainean lau pertsona ikusiko ditugu dantzaleku baten erdian. Bakoitzak baso bat ur du eskuan. Lauak guztiz geldi daude, DJak inguruko jende guztia dantzan jartzen duen bitartean. Lantaldeak azaldu duenez, “tratu txarren osteko alaitasunaz mintzo da antzezlan hau. Tratu txarrak jaso dituen pertsona bati alaitasuna ebasten dio tratu txarren eragileak. Edozein arrazoi dela medio tratu txarrak jaso duen edonori alaitasunerako eskubidea zalantzan jartzen zaio, tratu txarren ostean ere”.

Antzezlanak “alaitasunaren izaera soziala jarri nahi du erdigunean”, dio Metrokoadrokak, “minaren ostean alaitasunaren eta umorearen jabe egitea mina gainditzeko eta ahalduntzerako ezinbesteko tresna dela agerian utziz”.

Kolektiboak dantzalekuaren erdian ezin mugiturik dauden lau pertsonen istorioa kontatuko du “sakontasunez eta errespetuz baina, esan gabe doa, modu alai batean”.

Edurne Azkarate eta Oier Guillan antzerkigileen gidaritzapean, Intza Alkain, Iraia Elias, Javier Barandiaran eta Marina Suarez aktoreak ikusiko ditugu taula gainean. Dramaturgiaz Guillan bera eta Miren Azkarate arduratu dira antzezlaneko talde osoarekin elkarlanean. Haiekin batera, artista eta sortzaile sare oso bat dago, bestelako artegintza eta kolaborazioetan.

Bi baso bat ur antzezlanaren estreinaldia Galdakaon izango da eta, ondoren, Euskal Herri osoa zeharkatuko du. Hemen orain arteko data guztiak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna