Mikel Iraeta musikariak ‘Oinatzak’ izeneko diskoa plazaratu du

Musikari azkoitiarrak Bakarkako bigarren lana du, 2019ko azaroan Isha kaleratu ostean. Disko berrian zortzi abesti bildu ditu, eta denetan pianoa da nagusi.

Ez da denbora askorik igaro Mikel Iraeta (Azkoitia, 1992) musikariak Isha, bakarkako lehen lana plazaratu zuenetik, urtebete baino ez, eta dagoeneko bigarren bakarkakoa kalean du, Oinatzak izenpean. Oraingoan, baina, formatu luzea hautatu du RO taldeko taldekideak eta zortzi abesti bildu ditu lan berrian, pianoa da instrumentu nagusia ondutako pieza guztietan. Maxixatzen aldizkariak argitaratutako elkarrizketan adierazi duenez, “pianoa jotzen hasi eta orduak hegan joaten zaizkit. Askotan, inprobisazio horiek grabatu egiten ditut, eta gehien gustatzen zaizkidan zatiak hartzen ditut. Era horretan, ideia asko gordeta nituela ikusi nuen eta horiek lantzen hasi nintzen. Beraz, Oinatzak nahiko natural atera den diskoa izan da”. Iraetak aitortu duenez, asko disfrutatzen du musika egiten eta horren fruitu dira bi diskoak.

Bigarren lan hau nahiko intimoa eta goxoa dela azaldu du musikariak, “sentimenduz betea”, Orokorrean, kantek “antzeko esentzia dutela esango nuke, batzuk elektronikoagoak dira eta beste batzuk klasikoagoak. Lan osoak, baina, koherentzia bat du”.

Abestiekin batera irudiak

Iraetak proiektu oso bat garatu du Oinatzak-en inguruan, izan ere, diskoak biltzen dituen zortzi kantuez gain, bost bideo ere sortu ditu: “hiru animaziozkoak, programatutako argiekin egindako bat eta zuzeneko beste bat”.

Zabaldu: