Mikel Laboa eta Artze anaien ‘Ikimilikiliklik’ ikuskizunaren grabazioa kaleratu dute CD bikoitzean

Ikuskizuna 1975. eta 1976. urteen artean grabatu zuten zuzenean. LP bikoitza udazkenean argitaratuko duela iragarri du Elkar argitaletxeak.

1975an Artze anaiek eta Mikel Laboak Ikimilikiliklik izeneko ikuskizuna estreinatu zuten Algortan eta 1978ra arte oholtzaratu zuten. Azken emanaldia Parisen izan zen Amnistiaren aldeko jaialdi batean. Ikuskizuna abangoardista eta berritzailea izan zen, poesia eta musika uztartu zituena, proiekzio ikusgarrien laguntzarekin.

Ikuskizun horren ikus-entzunezkoa berreskuratu du orain Elkar argitaletxeak eta CD bikoitz batean kaleratu du, LP bikoitza, berriz, udazkenean emango duela argitara iragarri du etxeak. Joxean Artzeren etxean aurkitutako material artistikoaren artean aurkitu dute grabazioa.  “Hazbete laurdeneko bobina zaharrak, kaseteak, liburuak, orri solteetan idatzitako poemak… Etxean zeukan, senaren arabera antolatutako kartoizko kaxetan. 2018. urte bukaeran handik jaso eta urtebete egin genuen hura antolatzen eta digitalizatzen. Estudiora eraman genituen bobinetako bat bereziki deigarria iruditu zitzaigun. Kaxan, Ikimilikiliklik hitza boligrafoz idatzita ageri zen. Entzun genuen lehena izan zen, behin eta berriz entzun ere. Eta gure interesa zeharo justifikatuta zegoen. Batetik, oso kalitate oneko grabazioa zen, kontuan izanda zuzenean eginikoa zela eta 1975 edo 1976an, gainera, urteak zehaztu ahal izan genituen Izarren hautsa kantari esker; izan ere, biribildu gabe dago eta bukaerako zati instrumentalik gabe, Laboak 75-76an kantatzen zuen bezalaxe. Bestetik, zuzeneko hura zen garai hartako erresistentzia kultural eta politikoaren isla”, azaldu dute Elkar argitaletxeko kideek.

Ikuskizun haren muntaia J.A. Artzeren lana izan zen. Mikel Laboak kantu tradizionalak abestu zituen, baina autore garaikideen testuak ere musikatu zituen; zehatz-mehatz, J.A. Artzeren beraren zazpi poema, Leteren bi eta Brecht-en bat. Bi pieza esperimental eta instrumental bat ere gehitu zituen. Halaber, ikuskizun hartan Artze anaien txalaparta-soinuak entzuten ziren, baita J.A. Artzeren beste poema batzuk ere, berak zuzenean errezitatuak edo ikus-entzunezkoetan proiektatuak, grabazioan ageri bezala, Gizona eta lana salbuespena da, Ez Dok Amairuk 1971n grabatutakoa erabiltzen baita. Ikimilikiliklik grabazio honen soinu-teknikari eta egilea Jose Luis Zabala izan zen; argi-teknikaria, berriz, Bixente Karda. Zumetak margotu zituen programetan edo proiekzioetan ikusten ziren txoriak, esaterako, Gernikan.

Ikimilikiliklik hitza Mikel Laboak Manuel Lekuonaren Literatura oral vasca liburutik hartu zituen bi poematxo tradizional onomatopeikoetako batean azaltzen da. 1969an estreinatu zuen Baga, biga, higa (Lekeitio 2) kantaren oinarri gisa erabili zuen Laboak testu hura.

Elkar argitaletxeko kideentzan harritzekoa da grabazio honetan Baztan abestia ez agertzea, ikuskizun haren ia emanaldi guztietan sartu baitzuten. “Horrek, zalantzarik gabe, pena emango lieke Laboari eta bere senideei, Baztanekin eta bertako herritarrekin izan duten eta duten aspaldiko harreman estua kontuan izanda”.

“70eko hamarkadako urteak ere zailak izan ziren gure kulturarentzat. Erresistentzia kultural eta politikoa hainbat modutan adierazten zen. Kasu honetan nabarmendu nahi ditugu emanaldi haietara bertaratu ziren guztiek jarritako arreta eta erakutsitako errespetua eta gogoa”.

Zabaldu: