(argazkia: Tabakalera)

Mikel Laboaren ‘Lekeitioak’ abiapuntu ‘Komunikazio-inkomunikazio’ erakusketan

Herri-kultura, abangoardia eta sorkuntza esperimentalaren arteko harremana aztergai jarri dira Donostiako Tabakalerako erakusketan.

Mikel Laboa kantari eta musikariaren (1934-2008) lana abiapuntu hartuta, Donostiako Tabakalera zentroak Komunikazio-Inkomunikazio erakusketa paratu du. Oier Etxeberria da komisarioa eta herri-kulturaren eta sorkuntza esperimentalaren kontzeptuen arteko harremana aztergai jarri dira. Kontzeptu horien artean joan-etorriko zubiak ezarri zituen Laboak, eta horiexek dira bere musika-ekoizpenaren ardatz.

Erakusketak Laboaren Lekeitioak hartu ditu abiapuntu, ahots-jokoek, oihuek, ohiko soinuek eta onomatopeiek osatutako abesti esperimentalak. Horiekin artistak lengoaia propio eta ezberdina sortu zuen, Komunikazio-inkomunikazio izenburupean. Hala, erakusketak ibilbide bat proposatzen du, artxibo eta dokumentu historikoetatik hasi eta obra historiko eta garaikideetaraino, Tabakalerak bultzatutako ekoizpen berriak tarteko.

Erakusketa bi aretotan banatu dute: Erakusketa-aretoa eta Lau Pareta aretoa, biak Tabakaleraren lehen solairuan daude. Erakusketa-aretoak Komunikazio eta Inkomunikazio atalak hartzen ditu bere bi aldeetan, Lekeitioak lanaren forma begirada garaikide baten eta hainbat lenteren bidez berrikustea proposatzen duen ibilbidean. Aretoaren beste aldean aurkezten diren lanek soinu-arloan gauzatutako garapen teknologikoen, gerraren eta bi prozesuek giza komunikazioaren garapena zehazten duten moduaren arteko loturak azpimarratzen dituzte.

Lau Pareta aretoan, berriz,  Lekeitioak-Antigonak lana paratu dute. Bertan, Donostiako kultur-giroa markatu zuen ekitaldi bat aipatzen da: New Yorkeko The Living Theatre taldeak Bertolt Brechten Antigona lanarekin egin zuen emanaldia. Getarkari horrek Lekeitioak lanaren dimentsio tragikoa esploratzeko balio du, Brechten figurak garrantzi berezia hartzen duen areto batean.

Erakusketak Asier Mendizabal, Kimia Kamvari & Nader Koochaki, Amaia Urra, Maria Salgado & Fran MM Cabeza de Vaca eta Zbyněk Baladránen sorkuntza berriak aurkezten ditu, beste artista batzuen lan historikoekin batera: Remigio Mendiburu, Vicente Ameztoy, Francisco de Goyaren Caprichos lanetako bat, Jose Luis Zumetaren Gernika eta Joxean Artzeren artxiboak.

Bestalde, Maialen Lujanbiok, Xabier Erkiziak eta Itxaro Bordak azken 50 urteotan Euskal Herrian ahotsaren praktika hedatzeko garrantzitsuak izan diren hainbat artistaren pieza musikalak bildu dituzte playlist batean. Besteak beste, Esther Ferrer, Joxean Hartze, Itxaro Borda, Loty Negarti, Mursego, Alex Mendizabal eta Ibon RG artisten lanak izango dira entzungai, erakusketaren sarrerako hallean egongo den instalazioan.

Erakusketa abuztuaren 29ra arte egongo da ikusgai asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00. Astelehenetan itxita egongo da.

Zabaldu: