Koronabirusaren eraginez sortzaile ugari dira datozen egun eta asteetako emanaldiak bertan behera utzi behar izan dituztenak. Batzuk baina, antzerkiaz, musikaz, literaturaz gozatzeko alternatibak bilatu dituzte, jada. Xabi Bandinik esaterako martxoaren 18an eskainiko du zuzenekoa streaming bidez, Zetak Taldeak berriz, martxoaren 22an. Zea Mays taldeak emanaldi akustikoa eskaini zuen pasa den igandean, Instagram aplikazioaren bidez. Dj Bull pasa den larunbatean sartu zen hainbat herritarren etxeetara eta hurrengo larunbatean bueltatzeko asmoa duela iragarri du. Josu Bergara musikaria ere bere alabarekin ikusi dugu etxeko egongelan kantuan.
BERRIA bere aldetik, sortzaileen etxeraino sartuko da, kulturgile horien sorkuntza hedatzen jarraitzeko asmoz. Mikel Martinez Tartean Teatroko kidea eta aktorea izango da Berria Aretoan parte hartuko duen horietako bat.