Mikel Sotok irabazi du aurtengo Tene Mujika beka (argazkia: Juantxo Egaña)

Mikel Sotok irabazi du aurtengo Tene Mujika beka

Iruindarrak Mirande: Herriminez, ezin-minez izenburua jarri dio egitasmoari, eta bertan, duela ia 100 urte jaio eta orain dela mende erdi zendutako idazle paristarra eta haren obra hobeki ezagutzeko giltza batzuk eskaini nahi ditu.

Mikel Soto Nolasko idazle eta editoreak (Iruñea, 1978) irabazi du Tene Mujika beka Jon Miranderi buruzko ikerketa-proiektu batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Sotorena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du sarituak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Mirande: Herriminez, ezin-minez izenburua jarri dio Sotok bere egitasmoari, eta bertan, duela ia 100 urte jaio eta orain dela mende erdi zendutako idazle paristarra eta haren obra hobeki ezagutzeko giltza batzuk eskaini nahi ditu: batetik, Bretainiarekin eta abertzale bretoiekin izandako harremanak ikertu, Miranderen bilakaeran funtsezkoak izan arren aski ezezagunak baitira euskaldunontzat; bestetik, Miranderen lan ezezagun batzuk topatzen saiatu, batik bat (baina ez soilik) bretoieraz idatziak; eta azkenik, Miranderen biografian hondarreko urteotan egin diren aurkikuntza guztiak bateratu, biografia osatu bat plazaratzeko, publiko zabalarentzat.

Mikel Soto Historian lizentziatua da eta urtetan Txalaparta argitaletxean izandako editore lanagatik da batik bat ezaguna euskal kulturan, egun irakaskuntzan ari bada ere. Suak pizten direnean poesia-liburua kaleratu zuen 2020an. Deabruaren eskola dibulgazio literarioko proiektu digitalean hartzen du parte, eta torturaren salaketako ekintzaile gisa ere ari da, besteak beste.

Zabaldu: