(argazkia: Loraldia)

Mikel Urdangarinek pianoaz lagunduta, bere lehenengo kontzertua eskainiko du Bilbon

Emanaldia martxoaren 12an izango da, Loraldia Festibalaren barruan, Bilboko Arriaga Antzokian.

Loraldiak martxoaren 12an Mikel Urdangarinek Arriaga Antzokian eskainiko duen kontzertu berezia aurkeztu du. Zornotzako musikaria pianoarekin arituko da lehenengo aldiz oholtza gainean eta horretarako, aspaldi jo gabeko kantuak aukeratu ditu hainbat moldaketa egiteko, baina baita berriagoak diren batzuk ere. Hortaz, kanta ezagunez gain, sorpresaren bat edo beste egongo dela iragarri dute prentsaurrekoan.

Urdangarinen arabera, bere baitan aspaldi egosten egon den ideia da pianoa jotzearena, berak jakin gabe ere agian. Hala ere, orain dela 20 urte bigarren eskuko piano bat erosi zuen, baina gauza bat dela bestea dela, 17 urte behar izan ditu pianoaren estalkia altxatu eta jotzen hasteko.

Hala, 2017ko udaberrian ekin zion musika tresna hura jotzeari eta orduan sortu zitzaion Arriaga Antzokian kontzertu bat eskaintzearen ideia.

Ikasteko prozesuari dagokionez, bereziki etxeko lana izan dela dio kantautoreak, intimitatean egin duena. Hala ere, tarteka hiru irakasleren laguntza eta aholkuak izan ditu azken urteetan, ezinbestekoak bere iritziz.

Musikalki prozesu intentsuak bizi izan dituen arren, oraingoa ezerekin alderatu ezin daitekeela uste du Urdangarinek, “pianoan eman ditudan orduak, jotzen eta pentsatzen, ez ditut beste ezerekin eman. Etengabeko lana eskatu didan prozesu berezia izan da, erronka izugarria”.

Etengabeko lan horren baitan, moldaketek zati oso garrantzitsua betetzen dutela dio musikariak, “kantuak birpentsatu behar izan ditut, egitura eta armonia aldetik, bere jatorrizko bertsiotik guztiz aldendu gabe”. Batez ere pieza zaharrekin egin du, baina kantuak aukeratzerako orduan, pianora eta bere jotzeko erara ondo moldatuko direnak hautatu ditu.

Loraldia Festibalaren baitan eskainiko duen zuzenekoari dagokionez, bere errepertorioko piezak jotzeaz gain, emanaldi honetarako propio sortu dituen hiru kantu aurkeztuko ditu. Formatu berri hau Arriagan aurkeztu ahal izatea amets bat dela aitortu du Urdangarinek, “sekula ez dut normaltzat hartu Arriagako oholtzara ateratzea, beti ikusi dut sari baten modura, berezia da”. Sari hori gozatu ahal izatea eta ondorioz, bertaratzen direnak gozaraztea da kontzertura begira bere buruari eskatzen dion guztia, besterik ez.

Etorkizunari begira, litekeena da martxoaren 12an eskainiko duen kontzertu hau grabatzea, hortik zer atera daitekeen ikusteko. Epe ertainera berriz, Urdangarinek estudioko disko bat grabatzeko asmoa du eta baita egindako lanari etekina atera eta udazkenean pianoarekin bigarren bira bat egiteko ere. Dena den, dena dago erabakitzeko, denborak esango du.

Oraingoz, proiektu berri honekin pozik dagoela adierazi du, “lan egiten ari naiz sekula ez bezala

gauza polita izan dadin eta benetan merezi dezan. Baina oso esker oneko sentitzen naiz dagoeneko pianoak ireki didan atearekin eta ate horren atzean dagoen munduarekin”.

Zabaldu: