Mikel Urdangarinek ‘Izurdeen lekua’ diskoa plazaratu du

Kantuz kantu unitate bakarra bilatzen duen lana da, lehenengo piezarekin hasi eta hamaikagarrenarekin bukatzen den lan oso bat, alegia, eta soinu banda batetik disko batetik baino gehiago daukana.

Azken bi urteetako lanaren emaitza da Mikel Urdangarinek kaleratu berri duen Izurdeen lekuak izeneko diskoa. Kantari zornotzarraren estudioko hamabosgarren lana da, eta soinu berriak bilatzeari ekin dio oraingoan, horretarako pianoa izan du alboan. Izurdeen lekua hamaika abestik osatzen dute, “kantu baino gehiago hamaika paisaia, hamaika ebokazio”, dio Urdangarinek. “Kantuz kantu unitate bakarra bilatzen duen lana da, lehenengo piezarekin hasi eta hamaikagarrenarekin bukatzen den lan oso bat, alegia, eta soinu banda batetik disko batetik baino gehiago daukana”.

Beste asmo batzuren artean, orain bi urte zendutako ama omendu nahi duen kanta sorta da kantariak dakarrena. “Gertuko galerei darien argi bereziaz bustitako eskaintza. Bizitzari gorazarre bere atzaparkadak eta guzti”.

Diskoaren izenburuari dagokionez, egun bizi dugun egoerarekin estuki lotuta dagoela dio musikariak, “Maiatzaren hasieran, Ondarroako Atxazpitik hurbil izurdeak agertu ziren, herritarron harridurarako”. Urdangarinek honen inguruan hausnartu zuen, izurdeak haien ingurune naturalean zeudelako eta garai hartan gizakiok ginelako galdu samar geundenok. “Izurdeak beren lekuan zeuden eta gu, ostera, gure lekutik kanpo”, adierazi du. Izurdeek gure kaleak eta parkeak okupatu zituzten hainbat piztiekin batera, askatasun ikur bilakatu ziren”.

Letrak Urdangarinek idatzi ditu, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe idazleen ekarpen bat salbu.

Lan berriaren ekoizpenaz, berriz, Koldo Uriarte arduratu da. Aspaldiko bidaidea izaki, Urdangarinekin batera abiatu da kantariak bilatzen zuen soinu bereziaren ikerketan. Grabazioan ohiko taldekideen partaidetza izan du, “dinamikaren erabilera, indarraren mugikortasuna. Erliebeak sortu eta nabarmentzea, koloreztatzea, kantuak margolanak bailiran, musikaren gaitasun magiko horretan galdeginez”.

Diskoa Zart kolektiboaren babespean dator. Zuzenekoetarako Bapobapo produkzioak bidelagun izango du aldi berean.

Diskoaren aurkezpen kontzertua

Izurdeen lekua diskoaren aurkezpen kontzertua Bilboko Euskalduna jauregian izango da, abenduaren 26an. Taldeak iragarri duenez, emanaldi berezia prestatu dute eta kontzertuak bi zati izango ditu: lehenengoan lan berria aurkeztuko da, honetarako espreski prestatzen ari den eszenaratze batekin. Bigarren zatia Urdangarinek urtero Gabonetan Bilbon eskaintzen duen errepertorioko kantez osatutako emanaldia izango da. Zuzeneko honetarako sarrerak salmentan daude dagoeneko.

Zabaldu: