Mikel Urdangarinek ‘Mundua eder’ diskoa plazaratu du, bere hogeigarrena ia 30 urteko ibilbidean

Lan berrian heldutasun artistikoa eta kontrastez betetako mundu batekiko duen edertasunaren ikuspegi pertsonala islatzen ditu.

Mundu eder hamar kantuz osatuta dago, moldaketa zainduez eta kolaborazioz betea, Mikel Urdangarinek euskal kulturarekiko duen konpromisoaren eta musikarekiko pasioaren emaitza.

Hamar abestietan zehar, giza harremanen mundu emozionalaz ari da zornotzarra. “Abesti hauek ez dira soilik musika piezak, existentziaren inguruko hausnarketa txikiak dira, eta, zailtasunak zailtasun, edertasunari heltzeko beharraren inguruko pentsamenduak”, adierazi du.

Urdangarinentzat, Mundua eder ez da soilik disko bat, munduari eta bizitzari egindako maitasun deklarazio bat baizik. Bere abestiek geldialdi bat egitera, hausnartzera eta eguneroko xehetasunetan edertasuna berriro aurkitzera gonbidatzen gaituzte.

Kolaborazioak

Musikari bizkaitarrak lehen mailako kolaboratzaileak izan ditu alboan abestiak osatzeko. Bere betiko taldeaz gain, talentu handiko hainbat musikariren laguntza izan du, abesti bakoitzari ukitu pertsonala emanez.

Hala, Koldo Uriartek, pianoa, gitarra elektrikoa eta akustikoa, baxua eta ehundura elektronikoak gehitu dizkie kantuei. Rafa Ruedak, berriz, gitarra elektrikoa eta akustikoarekin hartu du parte, Jon Cañaverasek baxuarekin, Nika Bitchiashvilik bibolinarekin, Ander Hurtado de Saratxok bateriarekin eta Alison Keablek ahotsarekin. Gainera, Kirmen Uribek Mundua eder eta Udako gau epela abestien hitzak idatzi ditu, Harkaitz Cano idazleak ere Zerua izar jario kantua ontzen parte hartu du eta Izaro Andres kantariaren ahotsa Mundua eder kantuan entzun dezakegu.

Diskoa Gasteizko Ura Studios-en grabatu, nahastu eta masterizatu du musikariak Koldo Uriarteren laguntzarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna