Mikel Urdangarinen ‘Mundua eder’ diskoaren aurkezpen bira Araba Euskarazen aldeko zuzenekoarekin abiatuko da

Martxoaren 28an izango da lan berri hau zuzenean entzuteko lehenbiziko aukera, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, arratsaldeko 19:00etan. Musikari zornotzarrak konposatu du Arabako ikastolen aurtengo jaiaren abestia eta egun horretan bertan aurkeztuko dute kanta hura ere.

Mikel Urdangarinek pasa den abenduan Mundua eder izeneko proiektu berria aurkeztu zuen, edertasuna ardatz duen lana. Euskal musikaren erreferente nagusietako bat da musikari zornotzarra; ia hiru hamarkada betetzera doa bere musika ibilbidean, eta hori ospatzeko argitaratu du Mundua eder, estudioko bere hamabosgarren lana. Disko hau euskal kantariaren heldutasun artistikoaren isla da, urteetan zehar euskal musikaren ahots autentiko eta poetikoenetako bat bezala sendotu dena, euskal kulturarekin konprometitutako belaunaldi oso baten ordezkari ere bilakatuz.

Hamar abestiz osatutako albuma  da Mundua eder eta guztiei jarri  die musika Urdangarinek berak, bai eta letra ere zazpiri. Beste biri Kirmen Uribek egin dizkio letrak eta beste bati Harkaitz Canok. Zeru zabal egoskor baten pean bizi den mundu gizatiarra du kantagai, giza harremanen mundu emozionala hain zuzen ere. Abesti hauek ez dira soilik musika piezak; existentziaren inguruko hausnarketa txikiak ere badira, eta zailtasunak gorabehera, edertasunari heltzeko beharraren inguruko pentsamenduak.

Araba Euskaraz kanta

Martxoaren 28an izango da lan berri hau zuzenean entzuteko lehenbiziko aukera. Araba Euskarazen eskutik izango da, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak arabaeuskaraz.eus webgunean daude salgai jada.

Araba Euskarazen antolatzaileek azaldu dutenez, “bada arrazoi sendo bat Urdangarinen lehenbiziko emanaldia Araba Euskarazen eskutik izateko. Izan ere, artista zornotzarrak konposatu du Arabako ikastolen aurtengo jaiaren abestia. Letra, berriz, Kirmen Uribe poetak idatzi du, eta Urdangarinekin batera, beste hainbat artistak ere jarri diote ahotsa”.

Araba Euskarazen kanta ere martxoaren 28an aurkeztuko da eta egun horretako kontzertuan abestuko du lehen aldiz jendaurrean Mikel Urdangarinek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna