Mikel Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko erakusketa ibiltari berezia antolatu dute

Azaroaren 26tik abenduaren 14ra, Zabalza desagertu zen egunetik, Bidasoa ibaian agerrarazi zuten egunera arteko datetan, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz. Autobusak, besteak beste, erakusketa bat izango du barruan.

Azaroaren 26an, berrogei urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Data seinalatu hau probestuz, Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenek, DBuseko langileek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak, elkarlanean eta irudi berritu batekin aurrera eramango duten Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoa aurkeztu dute.

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, “etenik ez duen haria; herri memoriaren haria. Hari horrek ekarri gaitu gaur egun gauden tokira. Hil zutenetik 40 urte igaro diren honetan, Mikel Zabalza Estatu espainiarreko indarkeriaren biktima gisa aitortua izan da Hego Euskal Herriko instituzio nagusietan (Eusko Jaurlaritzak 2022an eta Nafarroako Gobernuak 2024ean). Beti aldarrikatu ditugun egia, justizia eta erreparaziorako bidean urrats garrantzitsuak eman dira, azken hamarkadan; bereziki, azkenari dagokionean. Hala ere, aitortza instituzional horiek ez dute kontakizun osoa azaleratu: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola… Erantzunen bila goaz”.

Memoriaren haritik tiraka sortu dute aurten garatuko duten egitasmoa. “Zabalza Donostiako autobus publikoen langilea zen 1985ean Guardia Zibilak atxiki, torturatu eta erail zuenean. Gertakariak, eztabaida politikoaren erdigunean, mobilizazio sozial erraldoia eragin zuen Euskal Herrian, manifestazio jendetsu andana eta greba orokor bat egiteraino”. Mikel desagertua egon zen 20 egunetan izandako ekintza horien artean, bere lankideek egindako protesta ikonikoa izan zen. “Hemen ez dago gidaria, non dago?”, zioen Donostiako udaletxeraino eraman zuten autobusetik zintzilikatutako pankartak.

40 urteren ondotik, ekintza hura berreskuratuko dute. Azaroaren 26tik abenduaren 14ra, Zabalza desagertua izan zen egunetik, Bidasoa ibaian agerrarazi zuten egunera arteko datetan, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz.

Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko helburuz, autobusak erakusketa bat izango du barruan. Eta, tokian toki, hainbat ekintza antolatuko dituzte autobusaren bueltan. Abenduaren 14an emango diote amaiera egitasmoari, Donostian egingo duten ekitaldi nagusi batekin. “Belaunaldiz belaunaldi mantendu dugu bizirik Mikelen memoria. Hari horren bidez dugu gaur ere gogoan; eta datozen belaunaldiengana luzatzeko konpromisoan berresten gara. Egia eta justiziaren bidean, Euskal Herrian milaka lagun torturatuk indar polizialen eskuetan pairaturikoa ahanzturaren zakuan galdu ez dadin eta halakorik beste inori geratuko ez zaiola berma dezagun. Etenik ez duen haria gara”, bukatu dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna