Milaka arigune aktibatzen ari dira Euskaraldirako

Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27ra arte irekita egongo da.

Milaka dira jadanik Euskal Herri osoan euskararen erabilera ardatz duen Euskaraldia ariketa sozialerako aktibatzen ari diren ariguneak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren berrikuntza nabarmenetako bat da ariguneena, era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuena. Izan ere, lehen edizioan hiztunen arteko harremanetan oinarritutako ariketa sozialari talde babestuetan egiten den ariketa gehitu zaio aurten.

Agerraldian deia egin zaie Euskal Herri osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta bestelako entitateei, euskaraz aritzeko aukera egongo den guneak sortu ditzaketen aztertu, ariguneak osatu, saretu eta gune horiek babestu ditzaten. Jadanik sektore, tamaina eta izaera oso ezberdinetako erakundeak ekimenarekin bat egin dutela eta euskaraz aritzeko guneen mapa zabala osatzen ari dela azpimarratu dute antolatzaileek. Ehunka zentrotan milaka arigune sortuta eta izena emanda daudela jadanik azaldu dute.

Ariguneak osatzen hasi diren hiru erakundeetako (Euskaltel, Fagor eta Super Amara Bera Bera) ordezkariak eta Euskaraldiaren antolaketan eta koordinazioan ari diren beste hainbeste entitatetakoak bildu dira gaur, ekainak 16, Donostiako Tabakaleran izandako ekitaldian.

Hala, Euskaraldian entitateek euskararen erabilera sustatzeko urrats praktikoak emango dituztela azaldu du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak eta urrats horiek garrantzia kualitatibo handia dutela azpimarratu du, “euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera ematen dielako, eskoletan egiten den lanari babesa eman eta aisialdian zein lan-munduan euskaraz aritzeko aukera ematen duelako, era guztietako erakundeek gizartearen nahi maioritarioarekin bat egiten dutelako eta euskararen biziberritze prozesuari hauspoa ematen diotelako”.

Koronabirusaren krisiak sortutako egoeran sareak sortu eta elkar babesteko beharra areagotu dela nabarmendu du Amonarrizek era berean: “Euskararen inguruan osatutako sare honek biak eskainiko ditu: gertutasuna eta babes soziala. Horregatik uste dugu Euskaraldiak berriro ere ekarpen handi bat egin diezaiekela bai euskal gizarteari eta baita ekimenean parte hartuko duten pertsona eta entitateei ere, euskararen erabileraren aldeko sare handi bat eratuz”.

Ildo beretik aipatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendari Estibaliz Alkortak impass garai honetan ikusi ahal izan dela “oraindik ere bide luzea dagoela denon hizkuntza eskubideak errespetatu eta gizarte berdinzaleagoa lortzeko, tokikotasunetik eta errespetutik abiatuta” Erakunde publikoak ere horren jakitun izanik, oraindik egiteko asko dagoela azaldu du. “Uste dugu ariguneek epe labur eta ertainean garrantzitsua izango den ekarpen bat egingo digutela. Belarriprest eta ahobizi rolak bezala, geratzeko etorri direla uste dugu.”

Herri batzordeak lanean

Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27ra arte irekita egongo da.

2018an egin zen Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herri osoko 405 udalerritan batzordeak martxan izan zirela gogoratuz, aurtengo izen-ematea ere martxa onean doala azaldu du Arrate Illaro koordinatzaileak. “Euskal Herriko lurralde gehienetan duela bi urteko herri kopuruak eman du izena jadanik. Ipar Euskal Herrian azken asteetan aktibatu da herrietako batzordeen dinamika, eta beraz, astiroago doa, baina gure espektatiba, orokorrean, lehen edizioan beste herrik izen ematea da. Honek erakusten du herrietan gogoz eta ilusioz heldu zaiola berriro Euskaraldiari, azken hilabeteetan batzordeek ohiko dinamikari eustea erraza izan ez arren”.

Irailean abiatuko da ahobizi eta belarriprest modura izena emateko garaia eta ordurako herrietako batzordeak buru-belarri izango dira Euskaraldiaren bigarren edizioaren eragina handia izan dadin.

Zabaldu: