(argazkia: Kilometroak)

[BIDEOA] Milaka irribarreren atlasa osatzeko ‘Infinitu Irribarra’ egitasmoa abiatu dute

Kilometroak jaiaren berrikuntzetako bat da.

Infinitu Irribarra egitasmoak euskara eta Euskal Herriaren aldeko irribarreak biltzea du helburu. Hauxe da, laburrean, aurtengo Gipuzkoako ikastolen aldeko jairako proposatu duten erronketako bat. Donostiako Tabakaleran eman dute egitasmoaren berri, Julen eta Antton Telleria kazetariek gidatu dute aurkezpena eta Ibarrako Uzturpe ikastolako lau lagunek nondik norakoak argitu dituzte. “Irribarre bat erakutsiz ageri diren pertsonen argazkiak bildu eta mapa digital batean kokatu nahi ditugu, milaka eta milaka irribarreren atlas moduko bat osatuz”, azaldu du Aitor Bengoa Uzturpeko irakasleak. Tolosar honen aburuz, Kilometroak jaiari atxikimendua emateko modu erraz bat da, “garai bateko jaia egunean biltzen zen jendetza horren bolumena eta indar erakustaldia birtualki erakusten duena”. Beste alde batetik, helburu ekonomiko bat ere aipatu du Bengoak: argazki horien inguruan, publizitatea txertatuz eta bidalketa egiten den unean, borondatezko diru ekarpen bat eskatzen da.

Irribarra da, hain justu, aurtengo Kilometroak-en leloa. “Irribarrea tapatuta, estalita eta ia galarazita izan dugun garai hauetan, inoiz baino behar handiagoa dugu berau egiteko eta erakusteko”, adierazi du Usue Sukia Uzturpe ikastolako zuzendariak. Bera bezalako 200 boluntario ari dira lanean iaztik Kilometroak burutu ahal izateko, baina pandemiagatik biziki oztopatzen ari da haien lana. “Birusa kontrolatzeko neurriek hainbat egitasmo bota dituzte bazterrera, eta beste asko birplanteatu behar izan dira. Honek guztiak sekulako lan karga suposatu digu”, aitortu du Sukiak. Zailtasunak zailtasun, pozik dagoela dio. “Kilometroak jaiaren berrikuntzetako honek hamaika irribarre bildu ditu. Atxikimendua helarazteko modu ederra bezain erraza da, edonork eta edonon egiteko modukoa”.

Tabakaleran burututako aurkezpenean irribarreak nola zabaldu erakutsi dute, baina prozesua erraza da oso. Hemen klikatu eta bertan ematen diren pausuak betetzea baino ez da behar.

Zabaldu: