Soreasu antzokian, Dinamoa sormen gunean, Sanagustin kulturgunean eta kalean izango dira aurtengo emanaldiak, eta, berrikuntza gisa, San Martin egoitzan ere bai. Azaroaren 11n, Zimurrak lana ikusteko aukera izango dute egoiliarrek.
Azaroaren 1ean abiatuko da Euskal Antzerki Topaketen 42. edizioa Azpeitian, Miñan antzezlanarekin, eta azaroaren 24ra arte, hainbat emanaldiz gozatzeko aukera izango da. Ohi bezala, euskaraz izango dira emanaldi guztiak.
Nagore Alkorta alkateak topaketen garrantzia nabarmendu du, “42. aldiz egingo dira aurten. Beti hor dauden gauzei balioa ematea gehiago kostatzen da, baina benetan altxor bat dira Euskal Antzerki Topaketak”.
Ohiko helburuei eutsiko zaie aurten ere: euskal antzerkigintza indartzea, taldeak ezagutaraztea, antzerki berriak sortzea eta euskara bultzatzea.
Alkortak berak eta Aitor Larrañaga Kultura batzordeburuak aurtengo berrikuntza nagusiak aipatu dituzte. Txalo saria ez da urtero ematen, baina aurten bai: Pedro Otaegik jasoko du, azaroaren 2an, Sanagustin kulturgunean egingo den ekitaldian.
Corrado Masacci txotxongilogileak ere azken urtea izango du. Hala, azaroaren 1etik 15era, 45 urtez egindako lanen aukeraketa bat jarriko du erakusgai Betharram aretoan. Masaccik erretiroa hartuko duen arren, txotxongiloek izango dute presentzia datozen urteetako topaketetan ere, Tolosako Topic zentroak hartuko baitu haren lekukoa. Aurten bertan, azaroaren 9an, gaztetxoentzako txotxongilo tailerra antolatuko du Topicek.
Soreasu antzokian, Dinamoa sormen gunean, Sanagustin kulturgunean eta kalean izango dira aurtengo emanaldiak, eta, berrikuntza gisa, San Martin egoitzan ere bai. Azaroaren 11n, Zimurrak lana ikusteko aukera izango dute egoiliarrek.
Urte osoko lanaren fruitua
Topaketek euskal antzerkiz betetzen dute Azpeitia azaroan. Alabaina, topaketen aurretik, antzerkia sustatzeko urte osoko lana dago, eta lan hori izan du hizpide Garazi Lazkano Kulturaz Kooperatibako kideak. Sormen egonaldiak dira adibideetako bat: “Sormen prozesuak ahalik eta modu osoenean babestea dugu helburu, eta, horretarako eskura ditugun bitarteko guztiak eskaintzen dizkiegu konpainiei”. Aurten, konpainia hauek burutu dituzte sormen egoitzak Azpeitian: Artedramak (Miñan); Talka obrak (Mendia); ATX Teatroak (Marmarra) eta Pez Limbok (Ilargiaren alabak). Lan horiek guztiak ikusi ahal izango dira topaketetan.
Urtean zehar konpainiei eskaintzen zaizkien erraztasun horiek azpimarratu ditu Atx Teatroko Iñaki Ziarretak ere. “Duela hamar urte ez zen, baina gaur egun Azpeitia punta-puntako erreferentzia bihurtu da sorkuntzak egiteko ahalmenean, eskaintzen dituen baliabideetan, azpiegituretan, eta, gainera, ematen duen tratuan”.
Atx konpainiak Marmarra lanaren azken zatia prestatu du Azpeitian egindako egonaldian. “Guretzat oso apustu handia izan da lan hau. Zazpi aktore ditu ikuskizunak, aretoan ez ezik kalean egiteko ere bai. Gastu handi bat du, baina oso pozik gaude, prozesua oso ondo joan delako”. Kaleko bertsioa aurkeztuko dute Azpeitian, “bereziena”. Frontoi Txiki ondoan izango da, azaroaren 9an. “Beldurrek gure eguneroko erabakietan zer protagonismo duten kontatzen dugu. Gure estiloari leialtasuna erakutsiz, ohiko lengoaietatik kanpo dagoen ikuskizuna da”.
Lanketa berezia, Miñan obrarekin
Egoitzak Azpeitian egiten dituzten konpainia horiek mediazio eta sentsibilizazio saioak ere eskaintzen dituzte. Horren adibidetako bat da Miñan antzezlanarekin egin den lanketa. Duela bi aste, irrati solasaldia izan zen Amets Arzallus liburuaren idazlearekin, Ander Lipus antzezlanaren zuzendariarekin, Sambou Diaby antzezlaneko protagonistarekin eta liburua ingelesera itzuli zein antzezlanerako moldatu duen Timberlake Wertenbakerrekin. Arantxa Iturbek gidatu zuen saioa eta entzungai dago jada antzerki topaketen atari digitalean.
Ostegunean, berriz, herriko ikastetxeetako ikasleek antzezlana ikusteko aukera izango dute, eta ondoren solasaldia egingo dute dute Ander Lipusekin eta antzezleekin.
Bestalde, etorkizuneko antzezle eta antzerkizaleak ere hartzen dira kontuan topaketetan. Horregatik, eskola antzerkiak ere izaten du tokia. Aurten, Azpeitiko, Bermeoko, Errezilgo eta Amezketako taldeak etorriko dira emanaldiak eskaintzera, azaroaren 11tik 14ra. Azaroaren 15ean, berriz, antzerki profesional bat programatu da eskola orduetan: Anima Maravillas konpainiaren Andereño.
Xanti Agirrezabalaga antzerki irakaslearen esanetan, “goraipatu beharrekoa” da eskola antzerkiari topaketetan ematen zaion tartea. “Topaketen barruan, astebeteko beste topaketatxo bat egoten da”. Gaur egun, Azpeitian, 8 eta 18 urte bitarteko 60 ikasle aritzen dira antzerkian Agirrezabalaga berarekin eta Alaitz Olaizolarekin, bost taldetan banatuta. Helduen taldea ere badago, eta asteazkenetan biltzen da.
Sarrerak salgai
www.antzerkitopaketak.eus webgunean dago egitarau osoa eta topaketen historia kontsultatzeko aukera. Atari hori erabili ahal izango da sarrerak eskueratzeko o ere. Helduentzako sarrerak 10 euro balioko du, eta haurrenak 5 euro. Kultur bonuarekin, doakoak izango dira emanaldiak.
Euskal Antzerki Topaketen 42. ediziorako kartela lehiaketa bidez aukeratu da, eta Leire Derteano Lizarralde oñatiarrak egin du.
Egitaraua, hemen.