Minaren ondorengo biziberritze bat

Aguxtin Alkhatek Hutsaren hatsa izeneko diskoa plazaratu du.

Aguxtin Alkhat (1982, Armendaritze) kantari eta musikariaren hirugarren lana dugu Hutsaren hatsa izenekoa. Julien Labat (gitarra), Xan Bidegain (baxua) eta Pierre Sangla (bateria) musikariekin batera grabatu ditu diskoa osatzen duten zortzi kantuak. Kamila Zubeldia eta Kiki Graciet berriz, ahots eta aho soinuan izan ditu lagun.

Kantuek garai ilunak islatzen dituzte. “Ezezagunaren beldurra, bakartasuna, tristezia, dudak, erruduntasuna izan dira garai ilunotako sentipenak”, azaldu du. Diskoak, beraz, momentu zailenetan ere zerbait berri eta hobeagoa sor daitekeela erakutsi nahi du.

Zortzi kantuak Alkhaten bizipenetan oinarritzen badira ere, edozein entzule identifikatu daiteke abestiekin. Helburu gisa: “kantuok entzutean entzuleari konfiantza eta bizi grina doi bat ekartzea. Pertsona tristeenari ere urostasunera heltzeko gakoak antzeman ditzakeela ulertaraztea. Gauza sinpleenetan aurkitzen da urostasuna, baina gaurko jendartean erraz ahanzten dugu eta beti on da oroitaraztea”, adierazi du.

Garai ilunak bizi ondoren, Hutsaren Hatsa diskoko kantek on egiten diotela ikusi du Alkhatek, abestean hustu egiten dela dio, eta itxaropenak entzule batzuei ere on egin diezaiekeela uste du, “kantuotako emozioak denek ezagutzen dituzten emozioak dira, nornahik identifikatzeko modukoak”.

Alkhatek bestalde, herriari kantatu izan ohi dio, Euskal Herri osoari. Ezberdintasunik egin gabe ipar eta hego edo ekialde eta mendebaldeen artean. Euskaldunentzat kantatzen du, herriari doi bat itzuli nahirik herriak eman diona: “Hizkuntza paregabe bat, berezitasun kultural harrigarria, elkartasun sozial azkar bat, historia politiko indartsu bat”.

Hutsaren hatsa diskoa minaren ondorengo biziberritze bat dela dio kantariak, zauriak erabat sendaturik indartsu iristen den ahots bat. Orbanik gabe, bizitutakoaren oroitzapenetatik ikasiz eta aurrera begira sortu ditu Alkhatek bere bakarkako hirugarren diskorako kantak eta ber gauza egitea proposatzen dio bere inguru hurbilari, bere komunitateari, bere herriari, munduari.

“Ilunaren beltzenetik ikus daitekeen argiari heltzeko tenorea da”.

Zabaldu: