Mintza Eguna Lapuebla de Labarcan izango da ekainaren 1ean

Euskal Herriko mintzalagunen festa nagusia egingo da ekainaren 1ean, Lapuebla de Labarcan. Euskaltzaleen Topagunea da ekimen honen antolatzailea eta euskaltzale guztiei luzatu nahi izan die gonbita, euskararen inguruan, jaiaz gozatzera etorri daitezen: “TÚtik Gura! Ongietorri Mintzalagunon mundura!”

Izan ere, urtean zehar herri eta auzoetako Mintza taldeetan aritzen dira hainbat euskaltzale euskara praktikatzen, baina, antolatzaileen arabera, Mintza taldeak ez dira soilik euskaraz hitz egiteko modu bat: “guk ondo dakigu Mintzalagunona mundu bat dela, euskararen praktikatik haratago, emozio, ekimen, harreman eta bizipen ugari biltzen dituena. Euskara bakardadean gordetzetik, lagunartean gozatzeko saltoa ematen dutenen mundua eta beste batzuei salto hori ematen laguntzen ari direnena”.

Lehen Mintza Eguna 2006an antolatu zen Iruñean. Ordutik urteroko zita izan da, eta Euskal Herriko hainbat herritan egin da: Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Murgian, Beran eta Atarrabian. Herri horietan euskara plazaratu eta jai giro ezin hobea sortzen da.
Mintzalagun, berbalagun zein mintzakide guztien jaia da Mintza Eguna, eta egitasmoetan parte hartzen duten kideek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko antolatzen da.

Horretarako, “Euskaraz mingain eta zangoak astintzeko moduko egitaraua” prestatu dutela iragarri dute. “Gonbidatu zure ingurukoak ere festara: etor daitezela ekainaren 1ean Lapueblara, gurekin batera euskaraz gozatzera. TÚtik GUra! Ongi etorri Mintzalagunon mundura!”

Egitaraua

11:30 Ongi etorria eta hamaiketakoa herriko plazan

12:00 Bi proposamen aukeran:

– Ardo eta olio dastaketa

– La Puebla de Labarca ezagutuz ibilbide gidatua (bi ekintzak egiteko aukera egongo da)

13:30 Kalejira animatua eta poteoa. Herriko plazatik hasita.

15:00 Bazkaria. Ikastolan (Txartelak salgai egongo dira maiatzaren 24ra arte)

17:00 Esker emate ekitaldia. Ikastolan

17:30 Erromeria. Ikastolan

Zabaldu: