Lehen Saioa otsailaren 13an, ostirala, izango da Etorkizuna bezpera da. Euskal literaturari buruzko hausnarketa bat izenburupean, eta Irati Jimenez idazlea eta Cira Crespo historialaria izango dira protagonistak. Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Donostiako Santa Teresa Komentuko Areto Nagusian.
Mintza Lagun zikloaren hirugarren edizioa ostiralean, hilak 13, itzuliko da Donostiara. Oraingo honetan, Irati Jimenez kazetari eta idazleak eta Cira Crespo historialariak Etorkizuna bezpera da. Euskal literaturari buruzko hausnarketa bat hitzaldia emango dute.
Antolatzaileen esanetan, “euskal literaturak gaur egun dituen zailtasunak gainditzeko eta etorkizunean izan ditzakeen erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da iragana ulertzea. Horregatik, ostiraleko saioan euskal literaturaren arbasoak eta haiekiko maitasuna eta miresmena gurera ekarriko dituzte hizlariek. Gure sistema literarioaren argi-ilunak antzemango dituzte eta horiei buruz mintzatuko dira ikuspegi kritikoz”.
Zikloak hilaren 18an izango du jarraipena Clara Ramos eta Isaac Rosaren eskutik. Nostalgia izeneko hitzaldi honetako helburua izango da nostalgia eta melankolia pertsonalak aztertzea.
Martxoaren 4n, berriz, Miedo izeneko topaketa izango da. Santiago Gerchunoff eta Elvira Navarro izango dira protagonistak eta gogoeta egingo dute gure beldurrei buruz, beldurra sentitzera bultzatzen gaituzten arrazoiei buruz, beldurra manipulatzea posible ote den, eta abar. Aldi berean, beldurrezko zinemaren eta literaturaren gorakadaz ere hitz egingo dute.
Adimen artifiziala eta osasun mentala
Programaren erdian, apirilaren 28am, Eduardo Apodaka eta Usue Morirek Adimen artifiziala ezinegonaren aurrean elkarrizketan hartuko dute parte. Hizlariek adimen artifizialari buruz eta osasun mentalaren arloan duen erabilerari buruz hausnartuko dute. “Horrek kezka sortzen du askotan, kontsolamendua bilatzeko eta bakardadeari aurre egiteko baliabide bihurtu delako pertsona askorentzat”, azaldu dute.
Hilabete beranduago, maiatzaren 21ean, Violencia saioa izango da, Rebeca Martin eta Monica Ojedaren eskutik. Topaketaren helburua izango da gizarte bortitzetan nola idatz daitezkeen fikzioak azaltzea, halaber, nola irudikatu den indarkeria azken mendeotan, arazo sozialei dagokionez.
Ekainaren 4an Imaginacionren txanda izango da Ana Fernandez-Cebrian eta Miqui Oteroren eskutik. Oraingo honetan, etorkizuna, irudimen politikoa eta iruditeria historikoak nola irudikatzen ditugun aztertuko da.
Bestalde, ekainaren 18an Ana Jaka eta Aitor Gametxo izango dira Lerro artean saioaren protagonistak. Hizlariek hausnartuko dute fikzioan jaso ditugun erreferente queer-i buruz; eta zergatik den lerro artean irakurri edo antzeman behar dugun zerbait, eta horrek nola laguntzen digun gure sormen- eta queer-identitatea eraikitzen.
Zikloari amaiera emateko, ekainaren 26an, Kirmen Uribek eta Hasier Arraizek Beldurrak hitza hartzen duenean saioan hartuko dute parte. Literaturaren eta politikaren arteko harremanaz eta kulturak errealitatea eraldatzeko duen gaitasunaz mintzatuko dira gonbidatuak.
Saio guztiak 19:00etan izango dira, Santa Teresa Komentuko ekitaldi-aretoan, KMKren egungo egoitza. Antolatzaileek aipatu dutenez, saio bakoitzak erreferentziazko liburu bat du, Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean eta zikloaren esku-programan ikus daitezkeenak.