(argazkia: Mintzalasai)

Mintza Lasai euskararen aldeko festibala gaur hasiko da Miarritze, Angelu eta Baionan

Tailerrak, bestak, bisitak, proiekzioak, ate idekiak… izango dira gaur hasi eta igandera bitartean.

Aurten ere, irailaren 18tik 24ra bitartean, zazpi egunez euskara gozatzeko aukera eskainiko du Mintza Lasai festibalaren hamabigarren edizioak. “Elkartzeko eta jarduera berriak euskaraz egiteko aukerak ez dira faltako. Aurten, sekulan baino jarduera gehiago proposatuko ditugu gazteei, eskola garaitik bizi sozialera zubi linguistikoak eraikiz. Tailerrak, bestak, bisitak, proiekzioak, ate idekiak… hiri-eremuan ere, euskarak batzen gaituelako!”, adierazi dute antolatzaileek.

Hala, hiria euskalduntzeko erronkari eutsiz eta irakurgarritasuna hobetzeko, egitaraua ardatz batzuen inguruan antolatu dute. “Astelehenean kirol jarduerak izango dira, asteartean hausnarketarako momentuak, asteazkena haurren eguna izango da, osteguna plazerarena, ostirala kulturarena eta asteburua bestarena”.

Bateratu eta Boteretu

Mintzalasai elkarteko kideek adierazi dutenez, “garenaz eta ingurumena aldatzeko dugun gaitasunaz jabetu gaitezen okindegira sartzean, autobusera igotzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan… Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen. Hartara gomitatzen gaituen ekimena ere bada gure festibala”.

Parentesietatik oasietara

“Urtero parentesia linguistiko ederrak zabaltzen ditugu, euskaraz mintzatzeko ohitura ez duten pertsonak elkarren artean bilduz eta urtean zehar frantses hutsean bizi diren tokietara euskara ekarriz. Eta ez da gutxi! Baina magikoak badira ere, zabaldu bezala itxi ohi dira parentesiak. Egoera normalizatzeko bidean, dinamika iraunkorra eta urte osoko eskaintza ehuntzera pasa beharko dugu.

Bizi dugun egoera diglosikoa iraultzeko, eredu berriak asmatu beharko ditugu elkarrekin. Euskara norma eta inklusiorako giltza izango diren espazioak, garaiak, aukerak, ohiturak. Bihotza edo trikitiaren mugimenduak inspiratu behar gaitu: zabaldu… eta trinkotu! Izan gaitezen beraz sortzaile eta ausart, bateratzaile eta boteretzaile, erakargarri eta t(r)inko!”.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: