(argazkia: Mintzalasai)

MintzaLasai euskararen aldeko festibala abian da Miarritzen eta Baionan

Tailerrak, bestak, bisitak, proiekzioak, ate irekiak… izango dira igandera bitartean.

Irailaren 16tik 22ra bitartean, zazpi egunez, euskara gozatzeko aukera eskainiko du MintzaLasai festibalaren hamahirugarren edizioak. Antolatzaileen esanetan, “aurten ere, festibala gomita batekin heldu da: gure hitz txikiek eragin handiak izan ditzakete okindegira sartzean, autobusera igotzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan… Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen”.

Horretarako, familian edo lagun artean, euskaraz gozatzeko “egitarau eder eta irekia” antolatu dute aurten ere. “Elkartzeko eta euskaraz gozatzeko aukerak ez dira faltako”, diote. Hala, tailerrak, bestak, bisitak, proiekzioak, ate irekiak… izango dira igandera bitartean.

Euskararen transmisioa eta erabilera

Mintzalasai elkarteko kideek adierazi dutenez, “luzaz erran eta idatzi dugu hizkuntza mehatxatuen etorkizuna hirietan jokatzen dela. Ipar Euskal Herrian, Baiona-Angelu-Miarritze hiri eremuan metatzen da biztanleriaren herena eta euskaratik deskonektatuena bai ezagutza aldetik, bai erabilera aldetik, baita belaunaldi berriei etxean eta eskolan transmititzen zaien hizkuntza aldetik ere. Baina azken datuek erakusten digute alor eta eremu desberdinetan eragin behar dugula: transmisioan eta erabileran, hirietan eta baserri munduan, erakartzean eta aktibazioan, eremu erdaldunetan eta arnasguneetan, haurrekin eta helduekin, eskubideen defentsan eta hizkuntza bitartekaritzan… Bizi dugun testuinguru konplexuak gure begirada zabaltzea eta jokamoldeak berritzera ekarri behar gaituzte”.

Urtero festibalarekin “parentesia linguistiko ederrak” zabaltzen dituztela nabarmendu du antolakuntzak, “euskaraz mintzatzeko ohitura ez duten pertsonak elkarren artean bilduz, euskaldunen autoestimuan eraginez eta urtean zehar frantses hutsean bizi diren tokietara euskara ekarriz. Baina magikoak badira ere, zabaldu bezala itxi ohi dira parentesiak”.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna