Mintzalasai euskararen aldeko festibala astelehenean hasiko da Miarritze, Angelu eta Baionan

Zazpi egunez luzatuko da Baiona, Miarritze eta Angelun urtero antolatzen duten festibala, irailaren 23tik 29ra bitarte. Orotara 30 elkartek parte hartuko dute eta 45 ekitaldi antolatu dituzte.

Uste baino gehiago girelako lelopean dator aurtengo Mintzalasai festibala, antolatzaileen arabera, euskalduntzeko ekimen bat baino gehiago da, izan ere, euskaraz ikasi nahi dutenentzako ere bada. Horregatik, igandean, hilak 29, 13:30ean, Miarritzeko Marion aintziraren inguruko festara adin guztietako belarriprest zein ahobizi guztiak gonbidatu nahi izan dituzte (Izena emateko hemen).

Mintzalasai herri mugimendua 2011an jarri zuten martxan Baionan, Angelun eta Miarritzen (BAB) euskararen biziberritzeko helburuarekin, “euskararen geroa, neurri handi batean hirietan jokatzen denez, gure eskala xumean lurralde estrategiko horretan eragitea erabaki genuen”. Horretarako hiru lan ardatz garatu zituzten: erabilpenari eskainitako egunak antolatu, bere molde guztietan, eragile desberdinak batu euskararen inguruan eta hizkuntza ikusgarria eta erakargarria bilakarazi BABn.

2012az geroztik, baina elkarteak Mintzalasai jaialdia antolatzen hasi zen urtero, beste 40 elkarterekin eta diotenez, zazpi urte hauetan, parte-hartzea hirukoiztu da. “Argi dugu herritarren mobilizazioak paper garrantzitsua jokatuko duela euskararen geroan, eta Mintzalasaik bere ekarpena egin nahi du hiztunen eta euskaltzaleen arteko espazio bat osatuz”.

Informazio guztia eta egitaraua hemen.

Zabaldu: