2024ko edizioa. (argazkia: Mintzalasai)

Mintzalasai euskararen aldeko festibala irailaren 15etik 21era egingo da Miarritzen eta Baionan

Tailerrak, bestak, bisitak, proiekzioak, ate irekiak… izango dira igandera bitartean.

Badator Mintzalasai festibalaren 14. edizioa. Irailaren 15etik 21era bitartean izango da eta, zazpi egunez, euskara gozatzeko aukera eskainiko du. Antolatzaileen esanetan, “aurten ere, festibala gomita batekin helduko da: gure hitz txikiek eragin handiak izan ditzakete okindegira sartzean, autobusera igotzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan… Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen”.

Baiona eta Miarritzeko elkarte eta Herriko etxeek beren indarrak batu dituzte aurten ere Mintzalasai festibalaren hamalaugarren edizioa antolatzeko. Auzolanetik euskararen biziberritze prozesua konkretuki elikatzea da asmoa, “aurtengo afixak gure ibilbidearen parte bat islatzen du. Egindakoaz harro bagira ere, egitekoa dugunaz kontziente gira alabaina”.

Parentesietatik oasietara

“Urtero festibalarekin parentesi linguistiko ederrak zabaltzen ditugu, euskaraz mintzatzeko ohitura ez duten pertsonak elkarren artean bilduz, euskaldunen autoestimuan eraginez eta urtean zehar frantses hutsean bizi diren tokietara euskara ekarriz. Baina magikoak badira ere, zabaldu bezala itxi ohi dira parentesiak”, adierazi du antolakuntzak. “Hiri-eremu erdaldundu honetan, euskaraz lasai bizitzea lortu nahi badugu, dinamika iraunkorrak sustatu behar ditugu. Festibalarekin, urte osoan hitzorduak eskaintzen dituzten hamarnaka egiturak ikusarazi nahi ditugu, une eta gune hauek indartzeko. Aurten gainera, euskararen bizitasuna agerian ematen duen bosgarren sakelako hiztegia argitaratuko dugu. Hitz larriak, besta, sexualitatea eta ingelerakaden ondotik, neologismoak biltzen dituen euskarri jostagarria landu dugu zuentzat”.

Familian edo lagun artean, euskaraz gozatzeko “egitarau eder eta irekia” antolatu dute aurten ere. “Elkartzeko aukerak ez dira faltako”, diote antolatzaileek.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna