Ikasturte honetan herri berrietan jarri da egitasmoa martxan. 8.000 euskaltzale inguru mugitzen ditu egitasmoak bai aurrez aurre eta baita online ere.
Zabalik da Taupa euskaltzaleen mugimenduak, lehen Topagunea, urtero antolatzen duen Mintzapraktika egitasmoaren izen-ematea. “Mintzapraktika talde askorentzat, urtarrila opor bueltan berriz elkartzeko momentua da, baina beste askorentzat, urtarrila da egitasmoan bete-betean murgiltzeko garaia. Izan ere, urte berriarekin batera, proiektu asko jarri ohi ditugu martxan eta horien artean dago askotan euskararen aldeko aletxoa jartzea”, adierazi dute Taupako kideek.
“Egitasmoaren funtzionamendua oso sinplea da: euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gaien inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da, baina, geroz eta gehiago, parte-hartzaileen nahi eta beharretara moldatzen diren taldeak sortzen ari dira, egitasmoaren malgutasunaren erakusle”, azaldu dute.
Nabarmendu dutenez, “bada Mintzapraktika kafetegi batean, kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi duenik, baina azken urteetan zehar batez ere, ikusi da Mintzapraktika beste zaletasun batzuekin erabat bateragarria dela. Euskara praktikatzeko ez dugu gure gogoa besterik behar, baina aldi berean, beste edozein osagarrirekin lagundu dezakegu: Yogako esterila, kakorratzak, mendiko botak, boxeoko eskularruak, bizikletak, mahai jolasak…”.
Mintzapraktika egitasmoa Euskal Herriko herri askotan dago martxan, baina badira ikasturte honetan zerrenda luze horretara batu direnik ere. “Bere kaleetan euskararen erabilerak behera egin duela sumatu dutelako, horren beharra duten herritarrei euskaraz aritzeko guneak eskaini nahi dizkietelako edota euskararen aldeko ekimenak bultzatu nahi dituztelako, egitasmoa martxan jarri edo berrartzeko hautua egin dute”.
Mintzapraktikaren inguruko informazio osoa (izen-ematea, non dagoen martxan, nork kudeatzen duen…) https://taupamugimendua.eus/mintzapraktika/ webgunean dago eskuragarri.