Mintzolak Garazi Dominguez, Maddi Ormazabal, Odei Guirado eta Ana Jaunarenaren gradu- eta master-amaierako lanak saritu ditu

Ikertzaile bakoitzak 1.500 euro gordin jasoko ditu, eta irailaren 30era bitarteko epea izango du lana ondu eta aurkezteko.

Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu- eta master-amaierako zortzi lan saritzeko deialdia argitaratu zuen pasa den martxoan. Akademiak azaldu duenez, “ikertzaile gaztea edo hasiberria doktoretza-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hori aitortzea eta unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea da deialdi honen helburua”. Denera, sei eskaera aurkeztu dira deialdi honetan, hiru eskaerak gradu-amaierako lanen egitasmoak dakartza eta beste hirurek master-amaierako proposamenak.

Epaimahaiak ondoko lau egitasmo hauek hautatu ditu:

  1. Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa. Egilea: Garazi Dominguez Mezquita
  2. Euskal hizkeraren erritmoa. Egilea: Maddi Ormazabal Sudupe
  3. Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz. Egilea: Odei Guirado Irasuegi
  4. Nokaren higatzea Ortzaizen. Egilea: Ana Jaunarena Mendiondo

Hauek izan dira kontuan hartutako ebaluazio-irizpideak: ikerketaren helburuen egokitzapena Mintzolak zehaztuta dituen iker-lerroetara; GRAL/MALen kalitatea: ikerketa-gaia eta helburua ondo zehaztuta egotea. Metodologia egokia izatea eta ondo garatua egotea. Lana argi eta ondo idatzita eta egituratua egotea; eta GRAL/MALen garrantzia eta originaltasuna: lanak jakintzari egindako ekarpena, maila teorikoan zein metodologikoan egindako berrikuntzak. Ikuspegi interesgarria eskaintzea eta etorkizunerako lan ildoak irudikatzea.

Hautatutako proiektu bakoitzak 1.500 euro gordin jasoko ditu, eta egileek 2024ko irailaren 30erako entregatu beharko dute lana amaituta.

Zabaldu: